Eskola Agenda 2030en baitan energiaren diagnostikoa egingo dute
Beste urte batez Hondarribiko hiru eskolek parte hartuko dute Eskola Agenda 2030 programan. Garapen jasangarria "guztion ardura dela" ondorioztatzea da programaren helburuetako bat.
Aurten ere Hondarribiko 3 ikastetxeek parte hartuko dute Eskola Agenda 2030 programan, garapen jasangarrirako helburuei jarraipena emanez. Aurten Energia irisgarria eta ez kutsagarria landuko dute.
Hil honetan hasi dira lanketa hori egiten eta martxora arte energiaren egungo egoera eta Hondarribiko egoera ezagutzeko saio teoriko eta praktikoak egingo dituzte. Egoeraren diagnostikoa egindakoan (iturri berriztagarriak zein diren, energia kontsumoa murrizteko dauden aukerak, Hondarribiko mugikortasunaren egoera…) hobetu daitezkeen puntuak identifikatuko dituzte. Behin identifikatuta dituztenean udal ordezkariei egiteko proposamenak landuko dituzte, eta ikasle bakoitzak egunerokotasunean txertatuko dituen konpromisoak hartuko ditu.
Juan Luis Silanes Udaleko Hezkuntza eta Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “garapen jasangarria herritar guztion ardura dela” ondorioztatzea da programaren helburuetako bat.
Lanketa guzti hori eginda, datozen hilabeteetan, udaletxean hitzordu bat izango dute udal ordezkarientzako prestatuko dituzten proposamenak bertatik bertara helarazteko.