Elkarrekin Podemos-IUk irundarraren etxegabetzea salatu du Donostian
David Nuño Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Donostian izan da gaur goizean Irungo bizilagunari babesa eta elkartasuna adierazteko.
David Nuño Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Donostian izan da gaur goizean Sabadell bankuaren egoitzaren aurrean irundar baten etxegabetzea salatzeko eta eragozteko egin den elkarretaratzean. Irungo bizilagunari babesa eta elkartasuna adierazteko, Nuñok kudeatzen duen Gizarte Ongizateko arloa kasuaren berri jakin zenetik gainean dagoela azaldu du alderdi moreak, udalaren irismeneko zerbitzuak eskainiz eta bizilagunaren esku jarriz.
Sabadell bankua geratu zen Angel Miguel Medrano 80 urteko irundarraren etxebizitzarekin, baina bertan bizitzen jarraitu du alokairu kontratu baten bidez. Kontratu hori bukatu aurretik, berau luzatzeko udalak presioa egin zuela baietsi dute, eta lortu egin zuten. Hala ere, bankuak funts putre bati saldu zion etxebizitza, eta orain, alokairua igo nahi du irundarraren egoera pertsonala kontuan hartu gabe.
Egoera horren aurrean, Irungo Udala neurriak lantzen ari dela zehaztu du Elkarrekin Podemos-IUk. Lehenik eta behin, bizitoki alternatiba bat izatea, baina hori adabaki bat besterik ez dela aipatu dute, helburua bizilagun hori bere etxean geratzea baita. Bestetik, udalaren asmoa da Solvia funts putrearekin bitartekari lanak egitea eta alokairuaren gehiegizko igoera saihestea. Azkenik, Gizarte Ongizate arlotik bizilagunari alokairua ordaintzen laguntzen ari zatzaizkiola jakinarazi dute.
“Ministroen Kontseiluak emandako dekretua ere ez dute kontuan hartu; izan ere, dekretu horren bidez kontratua beste sei hilabetez luzatu behar da”, nabarmendu du Nuñok.
“Horregatik da hain beharrezkoa Etxebizitzaren Legea, zeina, tamalez, interes jakin batzuek blokeatua duten, merkatua manipulatzen jarraitu nahi dutenen aldetik, etekinak lortzeko, pertsona zaurgarrienen kontura. Gaur eskuartean dugun kasuarekin ikusi dugu lege hau inoiz baino beharrezkoagoa dela. Negoziazioen blokeoak funts putreei bakarrik egiten die mesede, pertsonen egoeraz gutxi edo batere arduratzen ez direnei. Etxebizitza duina herritar guztientzat aitortutako eskubidea da, ez soilik bankuek edo putre funtsek negozioa egiteko”, gaineratu du.