Abandonatuta dauden bizikletei bizi berri bat emateko hitzarmena
Prozesu luze bat igaroko dute abandonatuta dauden bizikletek hondakin izendatu arte. Behin izendatuta Balazta Elkarteak jasoko ditu bizi berri bat eman diezaieten.
Atzo goizean kalean abandonatuta dauden bizikletak berreskuratzeko hitzarmena aurkeztu zuen Juan Luis Silanes udal zinegotziak, Manu Eizagirrerekin, Balazta elkarteko kidea, eta Patxi Aristizabalekin, Udaltzain burua. Hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bir-Ziklatu programaren barruan kokatzen da.
Hondarribian zehar hainbat bizikleta abandonatu daudelaz ohartu eta horiek berreskuratzeko eta erabilgarri bihurtzeko helburuarekin sinatu dute hitzarmena.
Prozedura honakoa izango da: Lehenik abandonatuta diruditen bizikletei informazio pegatina bat ezarriko zaie eta 15 egunez izango dituzte horiek kalean jarrita. Bizikletak bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramango dira eta bertan daudenean argazki eta karakteristikekin udal katalogoan zintzilikatuko dira. Bi hilabetez izango dira bertan. Ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatuko dira eta beste hilabetez izango dira bizikletak gordailuan. (Guztira beraz, hiru hilabetez geratuko dira bizikletak udal gordailuan). Hilabete horiek igarota, bizikletek bertan jarraitzen badute, hondakin kontsideratuko dira eta Balazta elkarteari emango zaizkio.
Inork bere bizikleta identifikatuko balu, eskaera bat egin beharko du, izen abizena, eta argazki bat edo faktura bat atxikituz, nolabait, bizikletaren jabea dela baieztatzeko.
Balazta 2016an sortu zen eta hasiera hasieratik elkartearen helburua bizikleta garraio modura erabiltzea izan da. Horregatik hitzarmena ildo horretan doala azaldu du Manu Eizagirrek elkarteko kideak: “erabiltzen ez diren bizikletak modu askotan daude, leku itxietan gordeta edo kalean. Kalekoak pixkanaka pixkanaka puskatzen eta izorratzen joaten dira eta denbora bat pasata ezin dira ezta erabili ere egin. Gainera bizikletak aparkalekuetan baldin badaude besteei lekua kentzen diete eta hori arazo bat da”.
Bizikletak Irungo Udalak utzitako lokalera eramango dituzte, elkar laguntzako tailerrerrera. Bertan, bizikletaren balorazio bat egingo dute, bizikletak martxan jartzeko zenbat lan behar duen baloratzeko, edo, zuzenean, puska erabilgarriak gordetzeko eta besteak botatzeko. “Gaur arte urtebete baino gehiago daramagu martxan eta bizikletak Caritasera, Gurutze Gorrira… eraman dira eta bazkideek ere erosi izan dituzte” gehitu du Eizagirrek.
Ildo horretan, Silanesek jakinarazi duenez, gizarte zerbitzuekin ere elkarlanean ari dira eta bizikleta baten beharra duen familiarenbat egon ez gero berreskuratutako bizikleta bat emango zaie.
Azkenik, Balazta elkartearen izenean udalari eskerrak eman eta hitzarmena bide onetik doala esan du Eizagirrek. Gainera, atzoko aurkezpenean, laster, bizikletentzako aparkaleku berriak ezarriko dituztela jakinarazi zuten, udalak, Balaztak edo herritarrek identifikatutako lekuetan.
Aparkalekuen beharrari helduz, eskaera bat egiteko baliatu zuen aurkezpena Eizagirrek: “Kalean dauden bizikletak ez izorratzeko (egunerokotasunean erabiltzen direnak) aparkaleku itxi eta seguruen beharra dago. Beste lekuetan jartzen ari dira. Lapurretak ekiditeko eta ez izorratzeko beharrezkoa ikusten dugu”.