2022ko txirrindularien mugikortasunaren inguruko balorazioa egin du Balazta elkarteak
Bidasoko mugikortasun jasangarriaren egoera aztertu eta harekiko balorazioa egitearekin batera 2023rako erronkak ere aztertu ditu elkarteak.
Ibilgailu motordunekin espazioak partekatzeak dakartzan arriskuak, gehiegizko trafikoa, eta bidegorri eta azpiegitura segururik eza dira 2022an bizikletaz dabiltzan pertsonek hiri batetik bestera joateko dituzten arazo nagusiak. Hala adierazi du, hain zuzen, Bizikletaren Estatuko Barometroak egindako ikerketa batek. Balazta elkarteak ikerketa hori ikusi eta tokian-toki aztertzea erabaki zuen.
Hiru ataletan banatu dute azterketa:
- Bidasoa eskualdeko udalerrien eta inguruko beste udalerri batzuen arteko bizikleta-loturak.
- Bizikleta bidezko mugikortasuna Irunen.
- Bizikleta bidezko mugikortasuna Hondarribian.
Puntuz puntu 2022an Bidasoko mugikortasun jasangarriaren egoera aztertu (egiteke dauden proiektuak, gauzatu direnenak, txirrindularien beharrak) eta harekiko balorazioa egiteaz gain, 2023 urterako erronkak aztertu eta azaldu dituzte.
Finean, egiteke asko dagoela ondorioztatu dute eta maiatzean izango diren hauteskundeei begira, mugikortasun iraunkorraren gaia “soilik hauteskunde diskurtsoetan ez sartzea, eta promesa hutsak egitera ere ez mugatzea” espero dute. Era berean, 2023an eta datozen urteetan eskualdean “bizikletaz mugitzeko baldintzak eraginkortasunez hobetzeko beharrezko ekintzak egitea” nahi dute.