Araba kaleko lanekin, edateko uraren Irungo sarea guztiz berritua izango da
236.000 euroko kostua dute lanek, eta Txingudiko Zerbitzuak-ek jakinarazi du maiatzera arte luzatuko direla.
Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) erakundea aste honetan hasi da Katea auzoko Araba kalean, edateko uraren hornidura eraberritzeko lanekin. Txinzerrek jakinarazi du lan horiek eginda, edateko uraren Irungo sare nagusiaren berritzea osoki bukatuko dela. 2017-2025 inbertsio programaren barrukoak dira lanak.
Aurretik inguruan hainbat lan eginak zituzten ur horidura eraberritzeko, baina Araba kaleko bi zati bukatu gabe zeuden. Horiei ekin diete aste honetan: lehena Pasquier enpresaren aparkalekutik Harmugarrieta kalearen bidegurutzeraino doana da; bestea Elatzeta ikastetxearen eta Andrearriaga kaleko lotunearen artekoa (Tesako biribilgunearen aurretik).
Obren kostua 286.000 eurokoa da, eta maiatzaren hasierara luzatu dute horiek egiteko epea. Lanak bitartean ibilgailuen trafikoa ez da etengo, baina hainbat aparkaleku kenduko dira.