Hirugarren anbulatorioaren aldeko mozioa erregistratu dute udal talde guztiek, EAJk ezik
Ospitaleari buruz ez dagoela "plan alternatibo zehatzik" salatuko dute, eta hirugarren anbulatorioa Oinaurren egiteko konpromisoa eskatuko diote Osasun Sailari. Urtarrilaren 27ko osoko bilkuran bozkatuko dute mozioa.
Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek EAJ ezik aurreratu zuten urtarrilaren 27an izango den osoko bilkurarako mozio bat eta adierazpen instituzional bat erregistratuko zutela, Irungo osasungintzaren eta lehen arretaren alde egiteko premia nabarmentzeko.
Adierazpenean Osasun Bidasoa plataformaren lanari aitortza egiten diete, lehenik, eta oroitu dute iaz nola udal alderdien indarrarekin batera ospitaleko lanek iraun bitartean zerbitzu kirurgikoak Donostiara lekualdatzea gelditu zuten.
Ordutik bederatzi hilabete igaro dira, “baina oraindik ez dago proiektu alternatibo zehatzik” salatu dute alderdiek. Ziurgabetasuna eragiten duen egoera dela oraingoa diote, lehen mailako arreta zerbitzura ere iritsi dena.
Osakidetzako ordezkari politikoen erabakiek herritarren osasun beharrekin bat ez egitea deitoratu dute, eta urak gainezka egiteko falta zen tanta Irungo hirugarren anbulatorioaren proiektua zalantzan jartzea dela salatu dute, “non eta ia 64.000 biztanle dituen hiri batean, non Euskadi osoan paziente gehien dituen anbulatorioa dagoen: Irun erdialdekoa 38.000 pazienterekin”.
Oinaurren eraikitzea asmo den anbulatorioaren planetan atzera pausuak eman direla iritzi dute udal taldeek, “nahiz eta Irungo Udalak espazioa erreserbatu eta Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri izan”. Horrez gain, Bidasoko ESIak zerbitzu plan zehatzak diseinatu dituztela gogoratu dute.
Osasun Sailak erdiguneko anbulatorioa ixtea planteatu duela adierazi dute ere, eta ez dute bat egiten aurreikuspen horrekin: “Hiriaren bihotzean dago eta handitzeko eta modernizatzeko aukera ematen duen ekipamendua da”. Lehen mailako arretaren garrantzia eta eginkizuna sendotzeko beharra “inoiz baino argiagoak” direla azaldu dute.
Arrazoi guzti horiek medio zazpi puntuko mozioa da hurrengo asteko ostiralean defendatuko dutena. Honako hauek dira:
1. Herritarrei ahalik eta zerbitzu onena emango dien eta profesionalei ahalik eta lan baldintza onenak bermatuko dizkien gertuko eta kalitateko osasungintza publiko eta unibertsal baten aldeko konpromisoa adierazi.
2. Elkartasuna adierazi Bidasoko ESIko profesional sanitarioei herritarrentzako arreta sanitario hobea lortzeko aldarrikapenetan.
3. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Bidasoko ESIko profesionalen aldarrikapenak entzuteko eta horrela Bidasoko Ospitaleko ebakuntza gelak handitu eta hobetzeko lanen inguruko zalantza guztiak lehenbailehen argitzeko inplikazioa eskatu, herritarrei osasun zerbitzu hobea emateko.
4. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari lehenbailehen Bidasoko Plan Estrategiko Sanitarioa eta inbertsioen egutegia prestatzeko eta haiek betetzeko konpromiso garbia hartzeko exijitu.
5. Irungo Erdialdeko anbulatorioak irekita eta zerbitzu egiten jarraituko duela bermatzeko eta eraikina behar bezainbeste handitu eta modernizatzea aurreikusteko eskatu
6. Irunek lehenbailehen Oinaurren hirugarren anbulatorio bat izan dezan exijitu, aurreikusita zegoen eta Udalak eta Osasun Sailak adostu zuten bezala, 1980ko hamarkadan Dunboako anbulatorioa ireki zenetik hiriaren populazioak izan duen gorakadari eta hartu dituen ezaugarriei erantzuteko.
7. Osasun Sailari Udalak Oinaurren laga dizkion lursailetan Irungo hirugarren anbulatorioa lehenbailehen abian jartzeko konpromisoa hartzeko eskatu beharra Eusko Legebiltzarreko taldeei helarazteko konpromisoa hartu, baita Eusko Jaurlaritzak arreta sanitarioan egiten dituen inbertsioen murrizketak irundarren artean eragiten duen egonezin eta kezka handia ere helarazteko konpromisoa ere, arreta sanitarioa oso gai delikatua baita.