Adinekoen isolamendua prebenitzeko programan izena eman daiteke
75 urte baino gehiago eta bakarrik daudenentzako programa da. Aurten 298 adineko gehiago bizi dira Irunen bakarrik gogoz kontra.
Beste urte batez martxan da adinekoentzako isolamendua prebenitzeko urteko programa. Irunen bakarrik bizi diren eta 75 urtetik gora dutenen gogoz kontrako bakardadea pairatzen dutenei zuzendutako programa da. Baita bakardadea prebenitu nahi dutenentzakoa ere.
Programa horren bidez Gizarte Ongizate arloan dagoen informazio guztia ematen zaie interesdunei. Aurten, Irunen bakarrik bizi diren 75 urte baino gehiagoko 298 lagun gehiago dira.
Informazio gutuna dagoeneko programan parte hartzen dutenei bidaliko zaie, baina baita aurretik bidali dieten baina interesik eduki ez duten horiei ere. Izan ere, denbora pasa da lehen gutuna jaso zutenetik eta pertsona horien egoera aldatu ahal izan da.
“Pertsona horien egoera agian aldatu egin da. Horregatik, uste dugu interesgarria litzatekeela berriz ere aukera eskaintzea gutxienez zer baliabide dauzkagun jakin dezaten, eta nahi badute, laguntza horiek jaso ditzaten”.
Planarekin bat egiteko gutunean adierazten den telefonora deitu behar da, eta lehen urratsa, udalak kontratatutako psikologo bat harremanetan jartzea izango da, elkarrizketa pertsonal bat egiteko hitzordu bat finkatzeko.
Planak eskaintzen duen proposamen esanguratsuena tailer espezifiko bat izaten da, “trebetasun kognitibo eta sozialak” sustatzeko. Iraso zentro sozialean, Palmera Monteron eta Lekaeneko apartamentuetan egiten dute tailerra.
2022
2021ean harremanetan jarri ziren guztietatik, 104 lagunekin egin dituzte elkarrizketak, horietatik 74 emakume eta 30 gizon ziren. Elkarrizketatuen %56,03k une horretan beharrak asetuta zituztela adierazi zuten; %3,44ek narriadura kognitiboa izan zezaketela zioten; eta %20,68k harreman sozialen falta azaldu zuten.