Gerra Zibilean haurrek egindako marrazkien erakusketa Amaia KZn
Gaur arratsaldetik aurrera egongo da ikusgai 'Eta hala ere marrazkiak egiten dituzte!' erakusketa. Guztira haur errepublikanoen 40 marrazki bildu dituzte.

Espainiako Gerra Zibilaren garaian 8 eta 15 urte bitarte zituztenen marrazkien erakusketa antolatu du Irungo Udalaren Memoria Historikoko zerbitzuak. Erakusketa hau egin ahal izateko Benalmadenako udalarekin elkarlanean aritu dira.
Kolpe militarraren aurreko urteetan, Errepublikako Gobernuak langile klaseko haurrentzako udako eskola sistema indartu zuen, haurrak eremu kritikoetatik ebakuatzeko, eta sare horretako haurrek egindako marrazkiak dira nagusiki.
Eta hala ere marrazkiak egiten dituzte! izena du Amaia KZn antolatu duten erakusketak, eta otsailaren 5era arte izango da ikusgai gaurtik aurrera. Guztira haur errepublikanoek egindako 40 marrazki dira ikusgai daudenak.
Orduko haurrei omenaldia egitea da udalaren asmoa, “milaka haurren historia ezabatu ez dadin”, zehaztu du Santi Jimenez ordezkariak. Horretarako betikoa ez den ikuspuntu batetik gaia lantzea da hartutako erabakia.
“Beste herrialde batzuetara babes bila joan behar izan zuten ‘gerrako haurrak’ errekonozitzeko eta behar bezala omentzeko antolatu dugu haur errepublikanoek egindako marrazkien erakusketa hau”.