[Erreportajea] Pertsona anitzen topagune
Kuartela, gaztetxea, liburutegia, eta orain, Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea. Euskararen eta aniztasunaren bilgunea estreinatu berri du Errenteria-Oreretak, Madalen kalean, herriaren erdi-erdian.
Kuarteletik gaztetxe izatera pasa zen, geroago liburutegia, eta gaur egun, berriz, pertsona anitzen topagune izango da Errenteria-Oreretako Madalen kaleko 27.a. Epe batean hutsik egon eta gero, eraikina zaharberritu eta erabilera berria ere eman diote. Izaera berria izango duen eraikinari izena ere aldatzea erabaki dute, hemendik aurrera Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea izango da. Pasa den asteko ostiralean ireki zituzten ateak herritarrek eraikin eraberritua ikusteko aukera izan zezaten.
Ekitaldi txikia izan zen ostiralekoa. Hasteko, Haritz Casabalek eta Xenpelar Bertso Eskolako neska gazte batek bertsoak abestu zituzten. Jarraian, Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak hartu zuen hitza: pozez azaldu zuen udalarentzat eta baita harentzat ere garrantzitsua zela eraikinak ateak irekitzea: «Ekipamendu komunitarioa izango da etxe hau, baita herritarrentzat topagune ere, eta ateak zabaltzea guretzat pozgarria da». Udalak azala edota ekipamendua jarri duela esan zuen Otaegik, baina mamia, berriz, bertan elkarren bizilagun izango diren elkarteek jarriko dutela, topagune bertako parte hartzaileek bihurtuko dutela.
Hasierako bertsoetan bezala, alkateak eraikinean lanean arituko diren parte hartzaileak aurkeztu zituen: Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, Xenpelar Bertso Eskola, SOS Arrazakeria giza eskubideen defentsarako elkartea, eta Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategia. «Herritarren topagune honetako eragileak ikusirik, euskara, aniztasuna eta berrikuntza ardatz izango ditugula dakigu», esan zuen alkateak, eta komunitatea hobeto ulertzeko beharrezkoak direla nabarmendu zuen. Gainera, izen berria ere aurkeztu zuen, eta horrekin batera, sarrerako horma irudi berria ere agerian utzi zuten.
Izenak piztu du interesa herritarrengan. Itziar Ostolaza zinegotziak esan zuen asko pentsatu behar izan zutela izena, baina arrazoi ezberdin pila zituztela orain duena jartzeko: «Emakume garrantzitsua izan zen Joxepa Antoni bere garaian, eta haren izenak aitortza merezi du».
Joxepa Antoni Aranberri
Joxepa Antoni Aranberri 1965ean jaio zen, Errenteria-Oreretan. Ehulea eta bertsolaria izan zen, eta fabrikan ehuntzen ari zela bertsotan ere aritzen zen. Ostolazak aipatu zuen, agian ehule izateak lagundu dezakeela orain eraikinean lanean egongo diren taldeen artean sareak sortzeko: «Agian haren arimak bultzadatxo bat emango digu hemen barruan sareak edota ehunak sortzeko, elkarlanean aritzeko».
Ehungintzan itsu gelditu arte aritu zen, baina bertsoek garrantzia handia izan zuten harengan, etxetik zetorkion- eta abesteko grina. Haren ama eta osaba plazetan aritzen baitziren, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar zuen osaba, eta harekin aritzen zen askotan. Orain, osabaren eraikinaren ondoan — Madalen kalean ere dago Xenpelar Etxea— dago Joxepa Antonirena, eta horrek bere eragina izan duela esan zuen Ostolazak: «Eraikina haren osabaren izena duenarengandik gertu dago, ia parez pare, eta elkarrekin jartzea ere polita iruditu zaigu, elkarrizketan ariko balira bezala».
Izenak izana dakar, eta Aranberrik euskararekin lotura estua zuen, beraz, eraikina herriko hizkuntzen eta pertsona anitzen topagune bihurtu dute. Horregatik izango dute lau eragileek haien tokia. Bakoitzak bere bulegoa izango du: lehen pisuan Lau Haizetara izango da; bigarrenean, Xenpelar Bertso Eskolak eta SOS Arrazakeriak izango dute haien tokia; azkenik, hirugarren eta laugarren pisuetan Badalabek izango du bere lanerako kabia.
Bizilagunak
Gela batzuetan aulkiak eta mahaiak jartzen hasi dira, baina zuri daude gehienak. Pareta batzuetan koadroak ikus daitezke, edota arbelak, baina horiek ere zuri daude oraingoz. Elkarte bakoitzaren ate ondoan haien ikurrak ikus daitezke, eta baita balkoien artean ere, kanpoan zintzilik.
Lau Haizetara elkartea hasi da haien txokoa koloreztatzen, hainbat irudi hormetan, koloretako aulkiak nahiz kuxinak eta beste hainbat gauza jarri dituzte. Haiena egin dute lehen solairua, oso pozik baitaude bulego aldaketarekin. Iker Gomez kideak esan du elkartearentzat garrantzitsua izan dela aldaketa: «Guretzat beste elkarteekin uztartzea eta sinergiak sortzea pausu handi eta polita da, bereziki elkarte guztiak lotzea baita gure asmoa». Gainera, aurten 30 urte beteko ditu elkarteak, eta aldaketa bat izatea berezia izan dela aitortu du Gomezek.
Xenpelar Bertso Eskolako kideek, berriz, gela oraindik zuri dute, mahai eta aulkiak gehitu dituzte, baita arbela bat ere, baina ikasleekin batera hasiko dira txokoa doinu artean apaintzen. Kepa Isasi bertso eskolako parte hartzaileak azaldu du herriak bere egoera soziolinguistiko propioa duela, eta euskaldunentzat eraikina oinarri eta eredu sendo bat bihur daitekeela. «Gainera, euskara herrira errazago zabaldu daiteke horrela, guk adibidez haurrei euskara eta horrek dakarrena transmititzen diegu, eta funtsezkoa dela esango nuke», azaldu du Isasik.
Haritz Casabal elkartekide du Isasik, eta tokiaren garrantzia nabarmendu du: «Eraikina herri erdian egotea garrantzitsua da, nahi gabe ere herritarrek badakitelako non dagoen». Erdialdean kokatzearen garrantzian elkarte guztiek egin dute bat, eta Casabalek gaineratu du, interesa edukiko lukeen jendeak etxea izkina batean balego ere jakingo lukeela non dagoen.
Kokapena egokia izateaz gain, Isasik aitortu du orain arte lau elkarteek ez dutela inoiz bat egin, ez direla elkarlanean aritu, baina denak eraikin berean egoteak erraztasunak ematen dituela: «Erraztasunez gain, bizikidetzarako sortu da topagune hau, eta ez dakigu zer gerta daitekeen hemen, baina uste dugu bide aberasgarria izan daitekeela eta proiektu benetan interesgarriak sor daitezkeela». Gomezek, bat egin du proiektu berrien sorrerarekin, eta gehitu du elkarteen helburuak ez direla kontrajarriak; ikuspegi ezberdinak badaude ere, uztar daitezkeela.
SOS arrazakeriak ere oraindik haien bulegoak zuri ditu, nahiz eta izkina batean haien argazki kolekzio bat duten paretetan zintzilikatzeko prest, gelak kolorez betetzeko eta tokia erosoagoa egiteko. Bertan haien lana egiteko eta hainbat pertsonari integrazioan laguntzeko txokoa izango dute aurrerantzean, eta horretarako hizkuntza garrantzitsua dela esan du Jone Urionaguena SOS Arrazakeriako kideak: «Geroz eta gehiago hitz egiten dugu euskararen bidez integratzearen inguruan, nahiz eta batzuentzat oraindik traba bat izan daitekeen. Geroz eta aukera gehiago ikusten dizkiogu». Horregatik, haien erabiltzaileentzat, baita elkarteko kideentzat ere, pausu handia izan da Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikin berrira mugitzea, eta Urionaguenak aitortu du, beste elkarteak eraikinean izateak haien lanean laguntza handi bat izan daitekeela.
Hiru elkarteek topo egingo dute bertan, Badalabekin batera, eta denek dute elkarlanean aritzeko asmoa, baita gogoa ere. «Euskarak eta aniztasunak elkartzen gaituzte, eta hortik egingo dugu lan», esan du Isasik. Horiek oinarri hartuta proiektu berri asko sortzeko asmoa dutela azaldu dute elkarte guztietako kideek.