[Erreportajea] Aurrera begirako bide orri bat izan daitekeen proiektua
Letizia Garcia Fernandez eta Aitor Errazkin Vicente dira II. Enrike Lekuona ikerketa bekaren irabazleak. 10.000 euroko zuzkidura jasoko dute euskararen alorreko ikerketa burutzeko.
Soziolinguistika eskolan: gaztetxoen ohituren mudantzarako gakoa da lehiaketara Letizia Garcia Fernandez Mondragon Unibertsitateko irakasleak, eta Aitor Errazkin Vicente Irungo AEK-ko irakasleak aurkeztu zuten proiektua. Biek ala biek partekatzen duten kezka batetik sortu zen proposamenak II. Enrike Lekuona ikerketa beka jaso du.
Soziolinguistikaz baliatuz gaztetxoek hizkuntzekiko duten jarrera aztertuko dute, eta ikasle bakoitzari bere kontzientzia propioa garatzeko tresnak ematen ahaleginduko dira. Garcia: «Helburu nagusia gaztetxoen kontzientzia garatzen dugun ikustea da, eta kontzientzia eta erabileraren artean harremanik badagoen aztertzeko pistak emango dizkigu». Bestalde, pedagogiarekin lotura duen helburua ere badu proiektuak. Ikerketan zehar landuko dituzten soziolinguistika edukiak klaustroarekin landu eta partekatuko dituzte: «Egiteko modu bat partekatu nahi dugu, zerbaiten abiapuntua izan daitekeen ebaluatzeko».
Aldi berean, klaustroaren eta udalaren arteko harremana sustatzeko ere balioko du ikerketak. Azken finean, eskola eta herria elkarlanean aritzeko urrats bat izan daitekeela uste dute: «Urte askoan eskolari egotzi zaio gaztetxoak euskalduntzeko ardura nagusia. Haurrek sozializazio agente asko dauzkate, eta eskolak gero eta indar gutxiago dauka. Gainera, esan behar da, hizkuntza mudantza egiteko hainbat etapa daudela: lehen hezkuntzatik DBHra pasatzeko jauzia, unibertsitateko jauzia, lan mundura sartzea…». Horrenbestez, proiektua, aurrera begirako bide orri bat izan daitekeela uste dute.
Ikerketa Ama Guadalupekoa ikastetxearekin elkarlanean egingo dute, eta dagoeneko materiala elkarrekin adosten eta partekatzen ari dira. Guztira hiru esku hartze egingo dituzte 2. DBHko ikasleekin: lehenik galdetegi bat pasako dute aste honetan bertan. Ondoren, eztabaida saioak antolatuko dituzte, eta azkenik, galdetegia errepikatuko dute, «eraiki dituzten diskurtsoen analisia egin eta denbora tarte horretan egon den aldaketa, egon bada, neurtzeko».
Ikerketa lanbide pertsonalarekin uztartzea erraza ez den arren, gogotsu daude: «Motibazio pertsonaletik egiten dugu. Honekin gozatu egiten dugu. Pasiotik eta bihotzetik bizi dugu gaia».