[Elkarrizketa] "Denok patrikan kamera bat izan arren, bizirauten ari gara"
Lamia estudioak 40 urte beteko ditu aurten. Objektiboa argiaren abiaduran doan gizarteari begira jarri, eta argazkigintzaren iraultza txiki eta handiez mintzatu dira Larrukert anaiak.
Lamia estudioan gaude. Hasiera batean izenak ez du itxura argazkigintzarekin lotura duenik. Nondik dator izena?
FERNANDO LARRUKERT: Beno, Lamiak ispiluaren aurrean orrazten du ilea, nolabait irudiarekin lotura badu.
AITOR LARRUKERT: Gure aitak [Fernando Larrukert] bazeukan zinema ekoiztetxe bat eta bere garaian Lamia izena zuen. Gero jarraitu zuen izen horrekin, estudioa sortu genuenean. Ez genuen nahi «foto ez dakit nor» izena edukitzea. Itsusia iruditzen zitzaigun, eta gainera, zerbait bilatu nahi genuen hirurok batu gintuena, eta lamiak badu grazia. Hemengo pertsonai mitologikoa da, Bidasoa ibaian zehar zabalduta daude. Euskal Herrian nahiko pertsonai aldrebesa da lamia, gaiztoa, baina Bidasoan alderantziz da, pertsonai ongilea da. Arrantzari laguntzen dio, esaterako, eta Hondarribiko armarrian edo Bidasoaldeko beste askotan ere ikus daiteke.
Estudioak 25 urte bete zituenean Larru hunkitua proiektua aurkeztu zenuten zuen aitarekin. 15 urte pasa dira ordutik, eta aita zendu egin zen. Aldaketarik nabaritu duzue zuen jardunean?
F.L: Hastapenetan aitak parte hartze handia zuen egiten genituen lanetan, baina adinarekin gero eta gutxiago, eta Larru hunkitua aurkeztu zenean izan zen nolabait bere oinordetza hartzea.
A.L: Ordurako aspalditik bere legatua hartuta geneukan. Errelebo fisikoaz ari naiz. Gero artelan baten atzean badira kontzeptuak, konposizioa edo argiztapenak, eta ordurako sortuta zegoen estilo horri jarraipena eman diogu.
F.L: Hainbeste urtetan egin ditugun lanetan suma daiteke bereizten gaituen estilo propio hori.
A.L: Erakusketa hori egin genuenerako iraultza digitala emana genuen.
Estilo bat eta lau begi dituzue. Hainbeste urte eta gero jakingo zenukete esaten norena den argazki bakoitza?
A.L: Noski! Berez argazkia botoia zapaltzen duenarena da, baina hori guretzako nahiko barregarria da. Hau da, guk dena prest utziko bagenu estudioan, eta zuk klik bakarrik egiten baduzu, argazkia zurea da? Hori ez da horrela. Talde bat gara eta oso ongi osatzen gara. Presaka aritzen gara eta keinu batekin aski dugu elkar ulertzeko, ez dugu hitzik behar zer egin behar den jakiteko. Saio bat egin baino lehenago bai komentatzen dugula nor datorren, zein den pertsona hori, zer behar duen, zer ez duen behar, zertarako nahi duen argazkia…
F.L: Inprobisatzen ere jakin behar dugu. Estudiora iristean ematen du dena aldez aurretik prestatuta dagoela, ideia bat garatu duzula, baina hori alda daiteke pertsona nola datorrenaren arabera. Eta orduan, bat-batean, inprobisatu egin behar duzu.
Digitalizazioak gizartean eragin handia izan du. Zuenean zertan nabaritu duzue?
A.L: Hasteko, kontu korrontean.
F.L: Hasieran inbertsio handia egin genuen. Baliabide profesionalak, formatu erdiko kamera digitalak, eskaner handiak… eta prezioak oso garestiak ziren. Inbertsioa eta iraultza ekonomikoa ekarri zigun digitalizazioak. Jakinduria ere eguneratu behar izan genuen.
A.L: Aita orduan gurekin zegoen, eta beti obsesio hori izan zuen: beti material hoberena eduki behar genuela. Bai guk, baita berak zinema egiten zuenean ere. Material ona baldin baduzu eta gero zuk ez badituzu gauzak behar bezala egiten, errua zurea da. Ez dago aitzakiarik.
F.L: Asko erraztu du lana digitalizazioak.
A.L: Hainbeste gauza egin daitezke baliabide hauei esker, lan asko ematen dutela aldi berean. Lan gutxiago daukagula ematen du, baina teknologiak aukera asko ematen dituenez, ikasten denbora asko pasatzen dugu.
Sare sozialek argazkien intoxikazioa ekarri dute, eta jendearen jarrera kameren aurrean ere ez da berdina. Jarrera aldaketarik sumatu duzue?
F.L: Kamera aurrean jendeak duen jarrera asko aldatu da. Lehen jendeak denbora hartzen zuen argazki bat egiteko. Argazkia egiteko momentua oso garrantzitsua zen, argazki gutxi egiten zirelako. Gaur egun segundo bat baino gehiago pasatzen baduzu prestatzen, ea zertan zabiltzan galdetzen dizute. Denbora galtzen ari zaren galdetzen dizute. Jendeak ez du denbora hartzen pausatzeko, ohituta gaudelako gauzak oso azkar egitera. Horrek zer ekarri duen? Jendeak baduela irudiaren kultura, kultura berri bat esango nuke, eta horrek gure lana zailtzen du zer egin erabakitzerakoan.
A.L: Irudiaren kontsumoa asko nabaritzen dugu. Familia bat etortzen denean egindako lana ikustera, helduek poliki begiratzen dituzte irudiak, baina uzten badiote teklatua haur bati, ziztu bizian pasatzen ditu argazkiak.
«Kamera aurrean jendeak duen jarrera asko aldatu da»
Eta hainbeste irudi kontsumitzen direnean, deigarria zer izango ote da?
F.L: Ikustera ohituta daudenaren kontrakoa egitea.
A.L: Hori da gure meritua ere, anaiak esan duena: denok patrikan argazki kamera bat izan arren, bizirauten ari gara. Oraindik gure lanaren beharra badago.
F.L: Edozein momentuan jendeak ateratzen dio argazki bat bere buruari, baina enpresa irudirako guri deitzen digute. Horrelakoetan profesionalei dei egiten diete, alegia. Aldea nabaritzen denaren seinale. Agian, azkartasunaren ordez, geldotasunaren beharra dagoela ere uste dut.
A.L: Slow picture mugimendua sortu beharko dugu!
F.L: Asmatu ez, hori da egiten duguna! Kanpoko irudiaz gain saiatzen gara barruan dagoen pertsona irudikatzen. Gu saiatzen gara azaltzen ez bakarrik ikusten dena, baizik eta bezeroak barruan daukan irudia irudikatzen. Uztartu behar ditugu denok ikusten dugun pertsonaren irudia, berak bere buruan duen irudiarekin, ez delako gauza bera.
Sare sozialek oso erraz publikatzea ahalbidetzen dute. Orain askoz gehiago publikatzen da?
F.L: Inprimatzen ez dena denborarekin galdu egiten da. Hodei batera igotzen baduzu, bertan geratzen da, eta ez da inoiz ukigarri bihurtzen. Hor ere iraultza izaten ari gara, ez diogulako hainbeste garrantzi ematen eduki fisikoari. Inprimatzeak egiten duena da indartu argazkiak zuregan duen inpaktua. Idaztea bezala da. Zergatik idazten dugu, buruan baldin badaukagu ideia? Idazten dugunean ideia hori finkatu egiten delako, bai fisikoki eta baita zuregan ere. Irudi bat paperera pasatzearen erabakiak egiten duena da finkatu irudia fisikoki eta buruan. Horiek dira irudi garrantzitsuenak eta beste guztiak galdu egingo dira.
Bi pertsona daude: irudiak galdu dituztenak eta galduko dituztenak. Guri ez zaigu gertatzen, kopiak egiten ditugulako. Gainera, bezeroarekin konpromisoa dugu iraupenerako erosten duelako. Egiten ditugun argazkiak dokumentuak izaten dira, eta argazki dokumentu horiek eta berrogei urtetan zehar egindako guztiak, ongi artxibatuta.
40 urteak faseetan bereizi behar bazenituzte, nolakoa izango litzateke banaketa?
A.L: Era digitala eta analogikoa lehendabizi. Hemen jarri ginenean iraultza izan zen hori. Iritsi ginenean argazkigintzaren maila asko igo zen, eta jendeak uste zuen ordura arte ez zituela argazkiak ikusi.
F.L: Beste mundu batetik gentozelako bizi izan genuen horrela anaiak aipatutakoa. Kontaktuak genituen argazkilari frantsesekin eta horiek beste estilo bat garatzen zuten. Garai horretako estilo berriak hona ekarri genituenean, guk bakarrik egiten genituen argazkiak horrela.
A.L: Lehenengo handitzeak publikatu genituenean, erakusleihotik pasa zen Gaspar Montes Iturriotz margolari ospetsua, eta harrituta ea nork margotu zuen argazkia galdetu zigun. Aitak argazki bat zela esan zion. Zur eta lur geratu zen. Madrilgo arkitekto bat ere etorri zen garai horretan, eta horrelako lanak egiten genituela ikusita ea Irunen zer egiten genuen galdetu zigun. Batzuetan esaten ziguten ere joateko behintzat Donostiara. Baina beno, guk gure txokoan segitu dugu.
F.L: Irunek ere merezi du horrelako lana. Bestetik, orain sartu gara beste fase interesgarri batean, eragina izango duela argazkigintzan: adimen artifizialaz ari naiz. Badira programa batzuk, Dall-e edo Midjourney bezalakoak, non sartzen duzun deskripzio bat eta berak ematen dizun irudi bat. Orain, argazki bat egiteko ez da beharrezkoa kamera bat erabiltzea, hitzekin sortzen da irudi bat. Existitzen ez den irudi berri bat lortzen da. Hastapenak besterik ez dira, ea zein bide hartzen duen.
A.L: Photoshop-a sartu zenean bezala gorakada bat egongo da. Denak gauza bitxiak egiten hasiko dira, baina gero itzuliko gara esentziara, funtsera. Klasikora itzuliko gara, baina ez zentzu nostalgiko edo zaharrean. Klasikoa esaten dudanean diot zerbait ondo egina, ondo argiztatua, jarrera dotorearekin. Horrek iraupena dauka. Argazki hori ona da gaur egun, eta 40 urte barru ere.