Elkarretaratzea irundar baten etxegabetzea eragozteko
Angel Miguel Medrano 80 urteko irundar pentsiodun zaurgarriaren etxegabetzearen aurka bilduko dira asteartean, Donostiako Askatasunaren etorbideko 21. zenbakiko Sabadell bankuaren aurrean.
Kaleratzeak STOP plataformak elkarretaratzea deitu du asteartean, hilak 24, 11:00etan, Donostiako Askatasunaren etorbideko 21. zenbakiko Sabadell bankuaren aurrean, Angel Miguel Medrano 80 urteko irundar pentsiodun zaurgarriaren etxegabetzea salatzeko eta eragozteko. Plataformak adierazi duenez, Promontoria Coliseum Real Estate putre funtsak bide judiziala hasiko duela asteartean Irungo alokairu sozialeko etxebizitza husten ez badu, zeinaren jabea baita Sabadell bankuko higiezinak erosi ondoren.
Irundarrak bere etxebizitzarekin bermatu zuen Sabadell bankuaren mailegua, finantza krisiaren ondorioz semeak ordaindu ezin izan zuen negozio baterako. Hori dela eta, ordainean ematea lortu zuela adierazi dute plataformako kideek, hiru urteko alokairu sozialeko kontratua adostuz, Angel Miguelen zaurgarritasun egoera zela eta 2021eko urtarrilaren 24an bukatu zena. 2020ko abenduan banku horren aurrean egindako elkarretaratzeari esker, urtebeteko luzapena lortu zuen, 2022ko urtarrilaren 24ra arte.
2022ko uztailean beste burofax bat jaso zuela iragarri du plataformak, kontratua bukatu zitzaiola jakinarazten zuena. 2023ko urtarrilaren 24an, hau da, asteartean, etxea utzi behar duela zioen burofaxak. Etxebizitza utzi ezean, jabetzak bide judiziala irekiko duela komunikatu zitzaion, etxebizitza berreskuratzeko, hau da, kontratua bukatzeagatiko kaleratze demanda aurkeztuko du.
Solviarekin, putre funtsen jabetzak kudeatzen dituen higiezinen agentziarekin, hiru hilabetez negoziatu ondoren, kontratua zazpi urterako berritzeko aldarrikapena lortzeko, alokairu sozialaren errenta 315 eurotik 600era igotzea eskainiz, errentatzaileak egoera hori onartu ez duela azaldu du plataformak.
Angel Miguelek giltzak utziko ez dituenez, eta bizitza osoko etxebizitza hustuko ez duenez, etxegabetze demanda bat aurkeztuko diotela jakinarazi du plataformak. Mobilizazio sozialarekin, “kosta ala kosta”, eragotzi egingo dutela aurreratu dute.
Kaleratzeak STOP-ek ohartarazi du astearteko elkarretaratzean Angel Miguel Medrano, Irungo Udaleko zinegotziak eta batzarkideak, gizarte erakundeak eta plataformako kaltetu eta laguntzaileak izango direla.