EAJk aparkaleku bat proposatu du Larreaundin
Auzotarrek aparkatzeko duten beharrari erantzuteko proposamena da. Bi solairuko lurpeko aparkaleku bat izango litzateke, 150 plazarekin, Eguzkitza ikastetxeko patio batean.
Irungo EAJk bi solairuko lurpeko aparkaleku bat egitea proposatu du Larreaundin, auzotarrek “aparkatzeko duten beharrari erantzuteko”. Izan ere, jeltzaleen ustez, aparkalekuarena da Irunek duen “arazo handienetako” bat: “Irundarrek urteak daramatzate arazo hori pairatzen, eta gaur egun oraindik ez dute udal gobernuaren erantzun argirik”.
Jeltzaleek 150 plazako aparkaleku berria proposatu dute, Larreaundiko Eguzkitza ikastetxeko bigarren hezkuntzako patio batean. Patioa hondeatu beharko litzatekeela aprobetxatuz, patioaren diseinu berria egitea ere proposatu dute, ikastetxeko ikasleek erabil dezaten. Horrez gain, Eguzkitzako zuzendaritzarekin hitz egin ondoren, gimnasioaren aurreko aldean estalki bat jartzeko eskaera berretsi zien jeltzaleei. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren baieztapena baduenez, euren proposamenean atxiki dutela adierazi dute, Olaberriako pilotalekuaren berritze eta estaltzearekin batera.
EAJko kideek azaldu dute “denbora” daramatela auzoetara hurbiltzen eta bertan dauden “arazoei buruzko informazioa biltzen”. Bide horretan, aparkalekuaren inguruan hainbat proposamen egin dituztela baietsi dute: Arturo Campionen (Belasko Enea), Harrobietan (Artia), Diana kalearen atzealdean (Miguel Anbulodi Lapitze) eta Belartzan (Artia).
Larreaundiren kasuan, jeltzaleek aipatu dute, urteak daramatzatela “erantzunik gabeko” aparkaleku arazoekin, eta auzora hurbildu diren bakoitzean, “egoera jasanezina” dela esan diete auzotarrek.
Aparkalekuaren esleipenari dagokionez, plaza horiek alokairuan eta prezio merkeetan eskaintzearen aldeko apustua egiten dutela eutsi dute, El Pinar eta Belartzako aparkalekuetan bezala.
EAJk “abangoardiako” Irun baten alde lanean jarraituko duela azaldu du: “Irunek gehiago behar du, aurrera egin behar du, eta horretarako, ideia eta proiektu berriak behar ditu”.