Azken Portun begiratoki bat sortuko dute
Bertako oinezkoentzako pasealekuarekin bukatzean ekingo diote 78.969,95 euroko aurrekontua duen begiratokiaren lanei.
Azken Portu kiroldegia eta Behobia artean, Vertiz Ford zegoen tokian hain zuzen, begiratoki bat sortuko dutela jakinarazi du gaur Irungo Udalak. 110 m2ko azalera izango du oinplanoan, eta pasealekutik begiratokirako sarbideak 35 m2ko azalera izango du oinplanoan.
Ingurua eraldatzeko jarduketa hori behin-behinekoa dela zehaztu du Cristina Laborda Obretako zinegotziak, “Azken Portuko oinezkoentzako pasealekuaren eta bidegorriaren 2. fasea garatu arte”.
78.969,95 euroko aurrekontua bideratu nahi dute lan hauetara, eta obrak esleitzen direnetik bi hilabeteko epea izango dute begiratokia sortzeko.
Multzo osoa lursailean integratuta geratuko dela azaldu dute, egungo sestrak ez aldatzeko asmoarekin. Leku horretan hiri altzariak jarriko dituzte, hala nola, eserlekuak, etzaulkiak, informazio panela, paperontziak eta bizikletentzako aparkalekuak.
Gainera, belardi bat sortzeko tratamendu bat inplementatuko dutela aurreratu dute ere. “Belardi horrek zuhaixkez eratutako bi pantaila izango ditu, Azken Portu pasealekuko egonlekua bisualki bereizteko”.