'Toto' antzezlana Hondarribian ikusteko aukera
Antzerkia euskarara ekarri aurretik hainbat sari jasotakoa da. Asier Hernandez eta Miren Gojenola aktoreak dira komedia honetako protagonistak.
Larunbat honetan (hilak 21) Toto antzerkia eskainiko dute Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00ean, Hika Teatroaren eskutik. Mafalda Bellidoren Chucho obraren egokitzapena da eta Kepa Errastik ekarri zuen euskarara. Zuzendaria Agurtzane Intxaurraga da eta Asier Hernandez eta Miren Gojenola aktoreak dira komedia honetako protagonistak.
Obra honek hainbat sari jaso zituen euskarara itzulia izan aurretik: Max sarietan egile berri onenaren finalista izan zen 2019an; urtebete lehenago SGAEren Teatro Expres XIII egile saria lortu zuen; eta 2017an, Literatur kritikaren Clave sarian finalista izan zen.
Sinopsia
Maik (Maitane) eta Joseluk (Jose Luis), Toto txakurtxoaren kustodia partekatzen dute. Toto galdu egin da Joselurekin zegoenean eta orain Maik ezin du imajinatu bizitza bera gabe. Maitasunik gabe. Maik eta Joseluk, modu latzean eztabaidatzen dute.
Sarrerak 6 euroan eskura daitezke ohiko lekuetan: Kutxabanken webgunean, Arma Plazan eta leihatilan (emanaldia baino bi ordu lehenago).