Osasun Azpiegituren Plan bat eskatu du Osasun Bidasoa Plataformak
Azpiegituren plan bat eskatzeaz gain, Irungo EAJk egindako proposamenaz mintzatu dira ere.
Joan den abenduan Osasun Bidasoa Plataformak agerraldia egin zuen eskualdeko egoeraren berri emateko. Bertan, Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean arazoari irtenbidea emango lioken hirugarren anbulatorioa exijitu eta profesional kopurua handitzea eskatu zuten. Eskakizunei babesa emateko hiru elkarretaratze deitu zituzten. Azkena Hondarribian izan zen hilaren 12an.
Gaurko egunez, beste behin, Bidasoa eskualdeko ospitalean zein Irungo anbulatorioetan kalitatezko osasun arreta emateko arazo handiak daudela deitoratu dute, eta horri aurre egiteko Osasun Azpiegituren Plan bat eskatu dute. Beren ustez, etorkizuneko planak hurrengo eskakizunak barne hartu beharko lituzke:
- Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzea eta arreta emateko gunean handitzea.
- Irungo hirugarren anbulatorioa Oinaurren eraikitzeko proiektua desblokeatzea.
- Irun Erdialdeko eta Dunboako egungo anbulatorioak berritzea.
Ospitaleko bloke kirurgikoari dagokionez, egun kontuan hartzen ari diren aukera “errefusatzen dutela” adierazi dute. Izan ere, Bidasoa Ospitaleko kirurgia buruekin adostu gabe, bigarren solairuan dauden zerbitzuak barrakoi prefabrikatuetara eramatea; bloke kirurgiko berria eraikitzea, eta ondoren, eraikitakoa egungo kirurgia gunera eranstea aurreikusi dute. Erantzun egokia eraikin erantsi bat eraikitzea dela esan dute eta beren proposamena kontuan hartzea eskatu dute.
Azkenik, hirugarren anbulatorioaren eskakizunari helduz, Irungo EAJk joan den astean egin zuen proposamena (Irungo Erdiguneko anbulatorioa trenbideetako gune berrira lekualdatzea) “publizitate kanpaina bat” izan zela iritzi du plataformak: “Izan ere, hamar urte barru inauguratu ahal izango litzateke kasurik onenean, urbanizatu gabeko eremua delako eta egungo hiri-antolamenduko planean ez dagoelako aurreikusita bertan osasun zentro bat eraikitzea”. Hala ere, epe ertain eta luzerako Irun Erdiguneko eta Dunboako egungo anbulatorioak berritzea proposatu dute, Irun Erdialdeko egungo anbulatorioa trenbide inguruan epe luzera birkokatzea baztertu gabe.