Aginagaldetarrek Ola sagardotegiko txotx denboraldia irekiko dute
Igande honetan ekingo diote sagarren emariaren 2023ko denboraldiari Ola sagardotegian, 14:00etan. Erreserba egin behar da bertaratzeko.
Txotx denboraldia hasiko du Ola sagardotegiak igande honetan (hilak 22 da), 14:00etan, eta Joxe, Agustin, Gurutz eta Julen Aginagalde omenduko dituzte. Bertaratzeko bazkaltzeko erreserba egin behar da 943 62 31 30 telefono zenbakira deituta.
Aginagaldetarrak kirolean izan duten garrantzia eta inplikazioa nabarmentzeko omendu nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek. Joxe eta Agustin Aginagalde Hondarribiko Ama Guadalupekoa traineruan aritu ziren arraunean, taldearen hastapenetan hain zuzen. Arrauna utzi zutenean arraun taldeari laguntzen aritu direla dio sagardotegiak.
Bestetik, Agustinen semea, Gurutz Aginagalde egun Bidasoa eskubaloi taldeko presidentea da, eta horrez gain, eskubaloian ibilbide luzea egindakoa da La Riojan eta Espainiako selekzioarekin.
Gurutzen anaia, Julen Aginagalde pibot posizioan aritzen da Bidasoa eskubaloian eta bere azken denboraldia egiten ari da. Bi aldiz izan da Europako txapelduna, Mundialean behin izan da, eta 2020ko olinpiadetan brontzea irabazi zuen. Egun Bidasoa eskubaloi taldeko kirol zuzendaria da.