Martxoaren 12an izango da lasterketa, Irun eta Hendaia artean. Bildutako dirua Hendaiako Bidasoa Etorkinekin eta Diakite elkarteak babesteko erabiliko dute.
I. Mugarik Gabeko Korrika lasterketa eta oinezkoentzako martxa antolatu dute Paueko unibertsitateko Baionako campuseko ikasleek, martxoaren 12rako. Ongintzazko ekimena da eta migratzaileen eskubideen alde lanean diharduten Bidasoa Etorkinekin eta Diakite elkarteak babesteko erabiliko dute jasoko duten dirua.
Mugaz gaindiko eta eskualde barneko kooperazioa deituriko masterra egiten ari dira antolatzaileak, eta polizia kontrolen mugek herritarrengan eta migratzen dabiltzanengan duten ondorioak jorratu nahi dituzte. Horregatik, Mugarik Gabeko Korrika izena jarri diote lasterketari.
Ibilbide zirkularra da proposatzen dutena. Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik abiatuko dira Bidasoa ibaiaren ertzera, 10:30ean. Pausu eta Behobia arteko zubia pasa, eta Irunen, Bidasoa ibaiaren ertzean, beste behin, segituko dute ibilbidea. Helmuga Gaztelu Zahar pilotalekua izango da ere.
Xehetasun guztiak orrialde honetan jaso dituzte.
Oinez egin nahi dutenentzako aukera ere izango da, eta horiek 09:30ean egon beharko dute Hendaiako frontoian. 11 kilometro osatu beharko dituzte lasterkariek, eta 10 km oinezkoek. Aurretik izena eman beharra dago
webgune honetan, eta prezioa 10 eurokoa da korrikalarientzat; oinezkoek 5 euro ordaindu beharko dituzte.