Luis Mariano Irun Lirika Elkartea, hogei urteak betetzeko prest
Programazio zabala ondu dute urteurren berezi hori ospatzeko. Esanguratsuena otsailaren 11ko Ainhoa Artetaren kontzertua izango da.
Luis Mariano Irun Lirika Elkarteak aurten ospatuko du bere hogeigarren urteurrena. Data esanguratsu hori ospatzeko, elkartearen lana “balioan jarri” nahi dute eta denboraldi honetarako “kalitate handiko” programa bat prestatu dute. Gaur goizean aurkeztu dituzte denboraldiaren nondik-norakoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak eta elkarteko kideek.
Hogei urteak indarrez ospatzeko, Ainhoa Artetaren kontzertu bat antolatu dute otsailaren 11n, Amaia Kultur Zentroan, 19:00etan. Artetarekin, “lirika nazionalaren historiako soprano onenetariko bat” ekarriko dutela adierazi dute. Bazkideentzako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Irungo Udaleko webguneko sarreren atalean eta Colon pasealekuko turismo bulegoan. Bazkideen sarrerek 40 euroko prezioa dute, eta ez bazkideenak, aldiz, 60 eurokoa.
Maria Jose Telleria Kultura diputatuak Luis Mariano Irun Lirika Elkartearen lana “txalotu” du, “opera ezagutarazteko” egiten duten ahaleginagatik. “Lurraldean erreferenteak dira, gai direlako opera adin eta poltsiko guztietarako irisgarria egiteko”, gaineratu du.
Angel Pazos da elkartearen zuzendari artistikoa, eta hogeigarren denboraldiak bi helburu dituela azaldu du: urteurrena ospatzea eta ahalik eta gehien gozatzea, eta pandemiaren ondorioz azken urteetan antzokira joateari utzi dion jendea berreskuratzea.
Programa zabala
Ainhoa Artetaren kontzertuaz gain, beste hainbat emanaldi antolatu dituzte, urteurrena ahalik eta bereziena izateko xedearekin. Alde batetik, bi opera oso enblematiko interpretatuko dituzte. Lehena apirilaren 22an eta 23an taularatuko da, Giacomo Pucciniren ‘La Bohème’ izenekoa. Bigarrena, berriz, Giuseppe Verdiren ‘Otello’ izeneko opera da, eta azaroaren 11n eta 12an entzun ahal izango da.
Zarzuelak ere bere txokoa izango du, ekainaren 25ean ikuskizun aitzindari bat antzeztuko dela jakinarazi baitute. Lehen aldiz zarzuelen partituretan sortutako “dantza pieza nabarmenak” bilduko dira agertokian.
Irailaren 30erako beste kontzertu esanguratsu bat ondu dute: Beethovenen bederatzigarren sinfonia. Azkenik, denboraldia osatzeko, opera handien bost saio proiektatu eskainiko direla aurreratu dute, eta hitzaldi bat egingo dute saio bakoitzaren aurretik.