EAJ: "Via Irun 2030 Irunek eta irundarrek behar duten proiektua da"
Jeltzaleek argi utzi dute proiektu hori gauza dadin lanean jarraituko dutela, eta alkateari irundarren eskariak entzuteko eskatu diote.
Irungo EAJk Via Irun 2030 proiektua eraikitzearen garrantzia azpimarratu du, jeltzaleen ustetan, “Irunek eta irundarrek behar duten proiektua” baita. Via Irunek Irungo trenbide guneko 364.000 metro karratuak osorik berronartzeko lanak hartu beharko lituzkeela eutsi dute jeltzaleek, eta gaineratu dute esanez “hiriaren bi aldeak batzeko ideiatik” sortu zela, Irunen dagoen “arrakala ezabatzeko”.
Hori dela eta, EAJk dio Via Irun “hiria batzen duen” proiektua dela, “etorkizunerako apustu handia” izango dena. Jeltzaleek nabarmendu dute ez diotela “uko egingo hiria hobetzeari, batzeari eta behar bezala konektatzeari”. Dena den, alkateak irundarren eskariak entzuten ez dituela adierazi dute: “Tamalez, Santanok ez ditu irundarrek eskatzen dituztenak entzun. Beste behin, aukera galdu baten aurrean gaude”.
Jeltzaleek argi utzi dute proiektu horren alde lanean jarraituko dutela, hiriaren bi aldeak batzeko, espazio publiko berriak sortzeko eta bide lotura jasangarri berriak sortzeko: “Irundarrek behar dituzten konexioak, eta Santanok alde batera uzten dituenak dira hauek. Irungo pertsona guztien onuraren aldeko apustua egiten dugu, eta horren alde lanean jarraituko dugu”.