Bigarren eskuko etxebizitzen zerrendetako hurrenkera zozketatuko dute
Otsailaren 10ean Udaletxeko Areto Nagusian egingo dute bigarren eskuko etxebizitzetan izena eman dutenen arteko zozketa. Izen ematea 31ra arte izango da zabalik BAZen.
Bigarren eskuko etxebizitzak eskuratu nahi dituenak oraindik ere izango du astia. Hilaren 31an itxiko da zerrendetan izena emateko epea. Zozketa, berriz, otsailaren 10ean, notario aurrean egingo da, 13:00etan. Izen ematea BAZen egin beharko da.
Inskribatzen diren pertsonekin (bizikidetza unitate bakoitzeko) zerrenda bat osatuko dute eta zozketa bidez zerrenda horren hurrenkera erabakiko dute. Ondoren, ordenaren arabera “eskaini eta hala badagokio etxebizitzak esleituko dira”.
Udaletik argi utzi nahi dute zozketa ez dela Presa I-eko etxebizitzak esleitzeko, zerrenda ordena erabakitzeko baizik. Era berean, izen emateak urtean behin berritu behar direla gogorarazi dute.