Alderdi guztiek EAJri "errespetua eta ganora" eskatu diote osasunari buruzko azken adierazpenenetan
Oinaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzea lehenesteko eskaera egingo dute legebiltzarrean EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin-Podemos-IU eta PPk.
Hautsak harrotu ditu EAJk pasa den astean bi anbulatorio berri eraikitzeari buruzko adierazpenek, eta batu egin dira PSE-EE, Elkarrekin-Podemos, EH Bildu eta PPko ordezkariak “errespetua eta ganora” eskatzeko talde jeltzaleari proposamen horien gainean.
Anbulatorio bat eraikitzearen planteamendua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari dagokiola argitu nahi izan dute lehenik, eta EAJko kideak direla sail horren arduradunak gogoratu nahi izan diote Irungo alderdi kideei.
Hirugarren anbulatorioa Oinaurren egotea “aukerarik onena eta azkarrena” dela diote, baina Eusko Jaurlaritzak daukala proiektua martxan jartzeko giltza argi utzi nahi izan dute: “Eusko Jaurlaritzak nahiko balu bihar bertan jar bailiteke martxan”.
Ildo horretan, Oinaurreko proiektuaren alde egiteko premia eta beharra defendatzeko asmoz adierazpen instituzional bat eramango dute hilabete honetako osoko bilkurara.
Horrez gain, legebiltzarrera ere iristea dute asmo eta talde guztiek konpromisoa hartu dute afera Gasteizera bideratzeko, “ahalik eta babes handiena bilatze aldera”.
Maiatzean izango diren hauteskundeei begira egindako adierazpenak direla EAJrenak deitoratu dute, eta horiek alde batera uzteko eskatu diete. Fokua lehen mailako arreta hobetzean dagoela defendatu dute ados dauden taldeek, eta denek bat egiten dutela helburu horrekin berretsi nahi izan dute, “alegia, beste neurri batzuen artean, Oinaurreko anbulatorio berri bat eraikitzean”.
Azaroan Xabier Iridoik azaldu zuen osasungintzako profesionalekin bildu zela, Irungo zerbitzuen eta osasun arretaren beharrak eta hobekuntzak aztertzeko, eta hori hala balitz osasun langileen iritziak entzuteko gomendioa egin diote.