[Argazki galeria] Txingudin ere borrokan jarraituko dute pentsiodunek
Bost urte bete ditu gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Lortutakoak zerrendatu ditzakete jada, eta borrokan segituko badute ere, gaurkoa ospakizunetarako eguna izan da.
Bost urte bete ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), eta lortutakoak ospatzeko eta borrokan jarraitzeko deia egin du gaur Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak (TPM) Irungo udaletxeko arkupeen azpian. Umorez hasi du agerraldia Shole Agirrek: “Hemen egoteko eguraldi honekin, Irungo ausartenak gara”.
Era berean, hasieran aldarrikapenak oihukatu dituzte ere, akaso esango dutenaren bidea presente izateko. “Gora Txingudiko Pentsionistak! Pentsionistak aurrera! Berdin dio nork gobernatu, guk pentsioak defendatu!”. Gaurkoa kalera irten diren 230. astelehena izan da.
Bi ideia argi utzi ditu TPMk: mila arrazoi dituztela borrokan jarraitzeko, eta lortutakoa ospatzeko momentua ere badela. Irabazitakoak errepasatzeari ekinda, 2013ko PPren gobernuak egin nahi zuen PFEZren erreforma indargabetzea; Pentsioen Sistema Publikoa (PSP) bideragarria dela erakustea; Iraunkortasun Faktorea indargabetzea eta pentsioak erdira murriztu nahi zituzten erabaki berriak hartzea saihestea gogoratu dituzte.
Hizpidea izan da ere 2023rako espero duten %8,5eko eguneraketa: “Galdutakoa konponduko ez duen arren, egiten ari garen borrokagatik gauzatu da”. Aberastasunaren bidezko banaketaren aldeko borrokan sindikatu eta bestelako erakunde sozialekin partekatu izanaz harro daudela adierazi dute ere.
Lorpenak elkar elikatutako borrokari esker izan direla diote, eta zerrendatu egin dituzte beraien babesa jaso dituzten beste mugimenduak: “Osasun publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu soziosanitario publiko komunitarioei laguntzeko mobilizazioetan parte hartu dugu; Euskal Herriko 200 udal baino gehiagotan banku zerbitzuetan aurrez aurreko arreta bermatzeko mozioak onartzea lortu dugu; langileen soldatak eta lan baldintzak hobetzeko borrokei elkartasuna adierazi diegu”.
Bosgarren borroka urtea, borrokan jarraitzeko hotsa altxatuz hasi dute. Onartezintzat jo dute langileek, pentsiodunek, hots, herritarrek ordaintzea prezioen gorakadak, finantza oligopolioen mozkinak eta energiaren prezio errekorrak.
Salatu egin dute gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar diotela oinarrizko premiak asetzeari, “hala nola etxe erosoak, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua eta erretiroaren ondoren diru sarrera duin eta nahikoak bermatzea”.
Azkenik, gizartearen bereizketa nahi duten horien aurka, gizarte osoari zuzendu zaie oroitzeko eskakizun bera dutela: aberastasunaren bidezko banaketa izatea, soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzea eta zerbitzu publikoak hobetzea.
Jai giroan EHPMk azken bost urte hauetan egindakoa jasotzeko aldizkariaren banaketa egin dute, baita 2022ko Pentsiodunen Bizikleta Martxari buruzko beste liburuxka batena ere. Ondoren, bazkaria egin dute Irungo Atseginan.