Irundarrek berriro moztu dute GI-636 errepidea Behobian
Trafiko Mozketen Kanpainak aurrera darrai. Hiritarren aldarrikapena bera da: Juan Thalamas Labandibar kalean ibilgailuen abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztea.
Iragan hilabetean egin bezala, irundarrek berriro itxi dute GI-636 errepidea Behobian, Juan Thalamas Labandibar kalean, “Bide Terrorismoari” bukaera emateko asmoarekin. Larunbatean bildu ziren. Hiritarren aldarrikapena bera da: Juan Thalamas Labandibar kalean, Behobia eta Artia-Azken Portuko auzoen arteko tartean, ibilgailuen abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztea, oraingo abiadura mugak istripuak eta biktimak eragiten jarraitzen baitu.
Eremu hori hirigune barruan dagoela adierazi dute, eta”saihesbideak edo bide alternatiboak” daudenean “hiri bidea zeharbidea ez dela” salatu dute. Saihesbide horiek GI-3453 eta AP-8 errepideak direla oroitu dute. Bestalde, Juan Thalamas Labandibarreko errepide zati horrek “bazter babes, bazterbide edo arekak” falta dituela gaineratu dute: “Eremu horretan baimendutako abiadura orduko 50 kilometrokoa da, 30ekoa izan beharko lukeen arren, Zirkulazio Arau Orokorrak zehazten duenaren arabera”.
Gune horretatik egunero 25.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen direla zehaztu dute, eta horietako asko salgai arriskutsuak daramatzaten kamioiak direla argitu dute. Ibilgailu kopuru handi horrek auzoko biztanleekin, oinezkoen pasealekua eta bidegorria erabiltzen duten oinezko eta txirrindulariekin, Azken Portu kiroldegiko erabiltzaileekin eta kale horretan geralekuak dituzten hiriko eta eskolako autobusen erabiltzaileekin espazioa partekatzen duela baietsi dute.
Eremu hori “puntu beltza” dela aitortu dute, baina dauden “interes pribatu eta politikoek (Zaisako Plataforma Logistikoak, espekulazio urbanistikoak eta lurzoruaren erabilera aldaketak) ezinezkoa egiten dute ekimenak aurrera eramatea”. “Hamasei hilabeteko lan gogorraren ondoren, administrazio bidea eta bide politikoa agortu dira”, gaineratu dute.
Irungo Udalaren Osoko Bilkuran duela urtebete baino gehiago “aho batez” hartutako udal erabakiak, Arartekoak egindako jarduerak, hamar erakundek osatutako talde batek hasitako espedienteak eta komunikabide eta sare sozialetan kaleratutako salaketek emaitzarik izan ez dutela jakinarazi dute etsipenez.
Osoko Bilkuraren akordioa ibilgailuen abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztekoa zen, eta “trafikoa baretzea eta baketzea” aurreikusten zuela azaldu dute. Horrez gain, neurri horrek hiru helburu zituela zehaztu dute: mugikortasun seguru eta jasangarria, airearen kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea.
Trafiko Mozketen Kanpaina
Gaur egun gune horretan istripuek jarraitzen dutela aitortu dute, hortaz, Trafiko Mozketen Kanpaina abiatzea erabaki zuten. ‘Protesta egin eta biziraun’ lelopean, “Bide Terrorismoaren biktimak salatu eta oroitu” nahi dituzte, eta gertatu diren heriotzen aurrean, “Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren nagikeria eta axolagabekeriarekin” bukatu nahi dute.