Anbulatorioarekin herritarrak "ez engainatzea" eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Eskualdean osasunarekin dagoen arazoa aitortzeko eta "kea ez saltzeko" eskatu dio alderdi moreak Irungo EAJri.
Osasunaren aferarekin kezkati jarraitzen du Irungo Elkarrekin Podemos-IUk. Hori dela eta, Irungo EAJri eskatu dio “herritarrak engainatzeari” uzteko: “Irungo EAJ kea saltzen saiatu da postontzietara zuzendutako propagandarekin, aurretik jakinda alderdiak ez duela inoiz onartuko erdialdean anbulatorio handi bat eta Oinaurreko hirugarren anbulatorioa eraikitzea”.
Irungo EAJk hauteskunde kanpainari Via Irun 2030 “faraoi proiektuarekin” hasiera eman ziola adierazi du alderdi moreak. “Inolako adostasunik gabe dilema faltsu bat” planteatu dutela gaineratu dute. Hala ere, Via Irun 2030 proiektuarekin “dena posible dela” dirudiela dio Elkarrekin Podemos-IUk, eta planteatzen dutena “ezinezkoa” dela jakinda ere, Irungo alderdi jeltzaleak eremu horretan anbulatorio bat jarri nahi dutela zehaztu dute, “edozein preziotan eta denbora errekorrean” eraikiko litzatekeena.
Jeltzaleentzat borondate politikoaren kontua baino ez dela gaineratu dute alderdi moreko kideek, eta hurrengoa galdegin diete: “Elkarrekin Podemos-IUtik geure buruari galdetzen diogu nork jarri behar duen borondate politikoaren fokua, kontuan izanik beraiek badakitela osasunaren arloko eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela, eta hor daudela, hain zuzen ere, boterean”.
Borondate politikoaz hitz egitean Gotzone Sagardui Osasun sailburuari begira jarri beharko liratekeela aipatu dute: “Oinaurreko lursaila duela hamarkada bat laga zuen udalak, eta oraingoz ez dago hirugarren anbulatorioa, ezta hurrik ere. Gure udal taldeak uste du Irungo EAJ egiten ari dena herritarrei adarra jotzea dela. Hamar urtetan egin nahi izan ez dutena, hirugarren anbulatorioa martxan jartzeko izan ez duten borondate politikoa, hiru urtetan egin nahi dute. Gasteiztik kanpaina edo ‘ohea’ egingo dioten ikustea besterik ez dago”.
Alderdi morearen galdera da, hauteskundeen ondoren “infografia politak berriro ikusiko” dituzten ala berriro egingo duten “ez entzunarena”: “Eusko Jaurlaritzan, EAJren asmoa osasun publikoa pribatizatzen jarraitzea da, lehen mailako arreta desegitea eta espezialitateak alde batera uztea. Borondate politiko kontua da, baina oraindik ez dira gai izan gure talde parlamentarioak uztailean egindako galderei erantzuteko”.
Via Irun 2030 gauzatzeko urratsak
Elkarrekin Podemos-IUk aipatu du zein diren udalak eta udal gobernuak Via Irun 2030 proiektua gauzatzeko eman behar dituzten urratsak:
- Zaisaren estatutuak aldatzea eta Osoko Bilkurara eramatea, gutxienez sei hilabete.
- Hiri antolamendua aldatzea, zentro soziosanitario bat gehitzeko. Horretarako, osasun zerbitzuaren txostenak behar dira, baita abiazio zibilarenak eta Adiferenak ere, gutxienez urtebete.
- Eremu osoko proiektua idaztea, gutxienez sei hilabete.
- Trenbidearen eremua kentzea, nork egin behar duen zehazteko (Adif, Eusko Jaurlaritza, aldundia edo udala), hau da, nork ordaindu eta sortzen diren hondakinez arduratuko den erabakitzea, gutxienez urtebete.
- Saneamendu eta urbanizazio obrak lizitatzea, gutxienez zortzi hilabete.
- urbanizazio obrak egitea, gutxienez urte eta erdi.
- Eraikuntza proiektua idaztea, anbulatorioaren kasuan Eusko Jaurlaritzak egin beharko luke, gutxienez hamar hilabete.
- Obrak lizitatzea, gutxienez sei hilabete.
- Obrak egitea, gutxienez bi urte.
- Zentro soziosanitarioa hornitzea, gutxienez sei hilabete.
Puntu horietako bakar batean “atzerapenik ez” dagoela suposatuz, “dena primeran doala”, zortzi bat urteko epea izango luketela azaldu dute alderdi moreko kideek, hau da, “Via Irun 2026 edo 2030 Via Irun 2040 bihurtuko litzateke, salatu dugun bezala”. “Zaila da sinestea Irungo EAJk hainbeste laburtzea hain luzea den prozesua. Zaila egiten zaigu sinestea herritarrak engainatu nahi dituztela hain premiazkoa den gai baten aurrean”, gaineratu dute.
Elkarrekin Podemos-IUk, hauteskunde kanpaina hurbil egon ala ez, “etengabe” Osasun Bidasoa Plataformak bideratutako osasun aldarrikapenak babestu dituela baietsi du. Era berean, sozialistek “aldarrikapenak eta beharrak” babesten badituzte ere, Eusko Jaurlaritzarekin “gogorrago jokatu” behar dutela uste dute, “kontuan hartuta EAJren gobernukideak direla Gasteizen”: “Benetan gauza bera nahi badugu, orduan PSEk ahotsa altxatu eta presioa egin beharko du, kea saldu beharrean, EAJk gure eskualdeko osasun egoera hobetuko duen irtenbidea eman dezan”.