Aingura kentzeko prest da CIMASUB
Etzi hasiko da ozeanoen egoera ardatz duen jaialdia. Guztira 26 ikus-entzunezko piezaz disfrutatzeko aukera izango da, Amaia KZn.
Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak bere txokoa izango du Irunen ere, urtarrialren 18tik 21era bitartean, Amaia KZn. Festibal honen asmoa ozeanoen egoerari eta klima aldaketaren ondorioen gaineko hausnarketa bultzatzea da, eta aurten horretarako 30 film ikusteko aukera izango da.
Irunerako osatu duten egitaraua 26 film labur eta lau dokumentalek osatzen dute; hilaren 18, 19 eta 20koak 19:00etan proiektatuko dituzte, eta aldiz, larunbat honetakoa 17:00etan eskainiko dute, denak ala denak debalde gozatu ahalko dira. Azken pelikula Buscando a Dory izango da eta gonbidapenak jaso daitezke jada.
Bestetik, zinema eta itsasoa nahasten dituen argazki erakusketa bat ikusgai izango da antzokiaren atarian. Bizinema izan da prestatzearen arduraduna, eta emanaldiak hasi baino lehenago bertaratzeko asmoarekin sortu dute.
Gainera, argazkiak ateratzeko txoko bat prestatu dute, eta parte hartzen dutenen eta sare sozialetan argazkiak partekatzen dituztenen artean sariak banatuko dituztela aurreratu dute. Bizinema sareetan aipatzea ezinbestekoa da lehiaketaren parte izateko.