[Bideoa] Lan hitzarmenaren negoziaketa berriz ekitea eskatu dute garbitzaileek
Iazko azarotik ez dute Samyl enpresaren berri, lan hitzarmenaren negoziaketa erdian zeudela. Bestalde, Irungo Udalak baldintza berriak idatzi nahi ditu hurrengo esleipenerako.
Duela urtebete hasi ziren Irungo udal garbitzaileak lan hitzarmena berritzeko protestak egiten. Gaurkoan berriz ere elkartu dira protestan udaletxe atarian, azarotik Samyl enpresarekin negoziaketa geldituta dagoela salatzeko. Guztira 80 garbitzaile daude lantaldean; guztiak emakumeak, eta LAB, ELA eta CCOO sindikatuen babesa dute.
Iaz negoziatzen hasi ziren Samyl enpresarekin eta proposamenak eta kontra proposamenak bidaltzen ari ziren elkarri, azaroan Samylek erantzuteari utzi zion arte. “Gaur gaurkoz ez daukagu inolako erantzunik” adierazi du Ainara Etxabide LABeko ordezkariak.
Enpresaren jarrera immobilistaz gain, udalak negoziaketa aurrera egiteko presioa ez egitea salatu dute sindikatu guztiek. “Udalak ez du inolako toperik jarri negoziatzeko”.
Negoziaketa blokeatu berritan enpresak esan zuen udal teknikariarekin ari zirela prestatzen kontra proposamena, baina ELAk salatu du Cristina Laborda udal ordezkariak baieztatu ziela ez zebiltzala adostasun bat bilatzen. Samyl gezurrak diren aitzakiak jartzen ari dela salatu dute sindikatuek.
Gainera, enpresa eta udalaren arteko esleipen kontratua ekainean bukatuko da, eta aldi berean, udalak hurrengo esleipena egiteko baldintza berriak idatzi nahi dituela adierazi du berriki. Horren aurrean, udala konprometitu egin da hitzarmen berria egon arte, baldintza berriak ez ateratzera ELAk azaldu duenez.
Baldintzak berrituta langileen prezio ordua adostuko litzateke, eta horrek lan hitzarmena berritzeko negoziaketetan aldaketak eragingo lituzkeela dio LABek.
Oroitu behar da 2021-2022 urteetarako hitzarmenari begira hasi zirela borrokan, baina oraingoan 2022-2023 urteen arterako lanean dabiltzala. “2023-2024 eta 2024-2025erako ere luzatzen dugu hitzarmena berritzearen eskaera, ulertuz, orain, 2023an baldintzak atera behar zirela”. Presio egiteagatik baldintzak ateratzea atzeratzea lortu zutela azaldu du ere Etxabidek.
Egora aldatu ezean, datorren ostiralean berriz elkartuko dira udaletxeko arkupeetan, 11:30ean.