Elkarte feministak Berdintasun Planaren inguruan mintzatu dira
V. Berdintasun Planaren inguruan sortutako eztabaidaren harira, bost puntuko idatzi bat sortu dute kontu batzuk helarazi eta argitzeko.
V. Berdintasun Planaren parte hartze prozesuan eta elaborazioan, eta Irungo Udaleko Berdintasun Mahaiaren inguruan ondoren egindako eztabaidan eta berrespen demokratikoan lan egin duten elkarte feministek, emakumeen taldeek eta emakume independenteek ondorengoa helarazi eta argitu nahi dute:
1. Atsekabe handiz diote V. Berdintasun Planaren elaborazioan izan den parte hartze prozesua, irekia eta zeharkakoa, eta ikuspegi teknikotik era bikainean aurrera eramandakoa, alkatetzatik laburtu nahi izatea, oinarrizko eskubide aitortu eta babestuei eragiten dietenak, emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin zerikusia dutenak.
2. Emakundera biderako administrazio prozesua jarraitzeko V. Berdintasun Planaren zirriborroaren berrespen demokratikoa Berdintasun Mahaiaren 2022ko urriaren 27ko bilkuran egin zela baieztatu dute. Berrespen horretan Irungo Udaleko alderdi politiko guztiek, hiritarren elkarteek eta elkarte feministek parte hartu zutela baietsi dute, idazkia gehiengo zabalarekin onartuz (aldeko 11 boto eta 3 abstentzio).
Podemosek, EH Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten; PSOE eta PP, aldiz abstenitu zirela jakinarazi dute. Berrespen horretan aurkako botorik izan ez zela argitu dute.
3. Tamalgarria dela diote, ondoren, helburu horretarako bakarrik asmatutako gune batean, Irungo alkateak presaz deitutako bilera itxi batean, berrespen demokratiko hori ez onartzea eta planaren edukia aldatu nahi izatea, bereziki emakumeen alardean berdintasunez parte hartzeko eskubideari dagokionean.
4. Haien ustez, alkatetzaren jarrera horrek agerian uzten du Irungo emakume eta gizon askoren lanarekiko errespetu falta. Horrek berresten du demokrazia parte hartzailea eta gardentasuna ez direla alkatetzak aintzat hartzen eta errespetatzen dituen tresnak.
5. Azkenik, uste dute urriaren 27ko Berdintasun Mahaian gizartean eta politikoki berretsitako testua oso-osorik errespetatu behar duela udalak, bereziki alkateak, eta testu hori bidali behar zaiola Emakunderi, baliozkotu dezan.
Emakundek baliozkotzea egin ondoren, dokumentua Irungo Udaleko Osoko Bilkurara bidali ahal izango dela iragarri dute. Bertan, alderdi politiko guztiek euren iritzia berriz emateko aukera izango dutela adierazi dute, egoki deritzotena bozkatzeko.
Honako idazkia Txingudiko Elkarte Feministak, Gaurko Andreak Berdintasunaren Aldek, Su Txikianek, Emakume eta Zineak eta Norberaren Gela Kultur Elkarteak taldeek sinatu dute.