[Elkarrizketa] «Pisutsua da jendeak zugandik espero duen hura izatearen zama»
Hasi berri den ‘El conquistador del Caribe’ saioaren 19. edizioa ikusle gisa biziko du 2020ko irabazleak (Oiartzun, 1991). Ospearen alde ilunez eta osasunak harentzat duen esanahiaz mintzatu da.
Astelehenean hasi zen El conquistador del Caribe saioaren 19. edizioa. Ikusiko al zaitugu, modu batean edo bestean, pantailaren bestaldean?
Ez. Aurten ez dut zerikusirik izango saioarekin, eta tira, aurrekoan ere ezer gutxi… Aurten kanpotik, ikusle gisa bakarrik jarraituko dut Conquis.
2020ko edizioko irabazlea eta publikoaren faboritoa izan zinen. Orduan bizitakoari distantziarekin begiratuta, zein sentimendu datozkizu burura?
Sentimendu oso politak, baina apur bat nahastuak. Zaila da horrelako zerbait asimilatu eta naturaltasunez onartzea bizitza batean. Hori da telebistak duena; badu alde on bat, eta beste bat txarra. Bat-batean konturatzen zara mundu guztiak ezagutzen zaituela, nolabait aukeratu ere egin zaituztela, eta hori demostratzen saiatzen zara. Publikoaren faboritoa izateak, benetan, zer esan nahi du? Jendeak benetan ezagutzen zaituela, edo pentsatzen duela halakoa zarela eta horregatik bozkatu zaituela? Zure buruari auto-presioak jartzen dizkiozu, eta pisutsua da jendeak zugandik espero duen hura izatearen zama.
Hortaz, bai, ongi daramat orduan bizitakoa, eta kontziente naiz lortu nuen guztiaz, hori oso argi daukat. Baina, beste alde batetik, zaila da ospe eta presio hori guztia kudeatzea.
Irten zinenean esan zenuen, aukera berriro ematekotan, ez zenekiela berriro parte hartuko ote zenukeen, fisikoki gogorra izan zitzaizulako. Denborarekin, ordea, alderdi psikologikoak sortu dizu oinaze handiena.
Bai, zalantzarik gabe. Hori da, nire ustez, zailena; bestela, izugarrizko sentsazioak dira, kristoren esperientzia eta abentura da… Hori dena oso polita da; baina, nire ustez, gimnasioan erraza da zure gorputza lantzea, baina burua lantzeko ez dago hainbeste gimnasio, ez dago hainbeste jende mundu horretan. Ez dago hainbesteko kulturarik buruak zaindu eta indartzeko, psikologora joateko, eta uste dut askoz ere garrantzi gehiago eman beharko geniokeela horri, azalekoari baino.
«Gimnasioan gorputza lantzea erraza da, baina burua lantzeko ez dago hainbeste gimnasio»
Telebistan asko ikusi zaitugu azken urteotan. Pantailatik kanpo, baina, nolakoa da zure egunerokoa?
Baserrian esnatzen naiz. Bertara bizitzera joan ginen lagun batzuk eta ni pandemiaren kontuarekin, eta hori izan da nire aldaketa handienetako bat, eta oso ongi egin dit.
Horretarako inflexio puntua bi arrazoi izan ziren: alde batetik, ospetsu bihurtzen hasi nintzen, eta beste alde batetik, geroz eta gehiago ari nintzen mendirantz jotzen. Eta horrek ematen zidan lasaitasuna, naturarekin kontaktuan egoteak, animaliekin… Azken aldian hainbeste baloratzen dudan hori da naturarekin harremanetan egotea.
Gaur egun, beraz, nire errutina da baserrian esnatzea, azken aldian asko irakurtzen dut, eta horrek ere asko lagundu edo erakusten dit, beraz, apur bat irakurri, kafetxo bat hartu goiz-goizetik, eta Tolosara bidea hartzen dut. Tolosan [bertan du anaiarekin zuzentzen duen Tolosa Crossfit zentroa] klase pare bat ematen ditut irakasle bezala, saiatzen naiz egunero entrenatzen, eta egia esan oso-oso pozik nago.
Anaiak eta biok asko maite dugu kirola erakustea, baina azken aldian gehiago ari gara puntu horretatik begira kirolari: ez ispiluan eta zure burua super indartsu eta gihartsu ikusteko, baizik eta osasuntsu egoteko, bere osotasunean. Jendeak askotan pentsatzen du crossfita oso agresiboa dela, baina gurera adin guztietako jendea etortzen da; umeak, haurrentzako klaseak ere ematen baititugu, eta baita adinekoagoak ere. Hori da politena. Ikusten dugu 60 urteko jendea motibatuta etortzen dela, bere arratsaldeko plana hau dela, eta benetan sinisten dugu hori osasuntsua dela, baina horrela irakasten dugulako.
Ez dugu helburu jendea hona etortzea ez dakit zenbat kilo altxatzera. Nahi duguna da mugitzea, gorputza mugi dezatela, odola mugitu alde batetik bestera… tira, prest egoteko bizitzari aurre egiteko, egunerokotasun horretan libre egon eta mugitzeko ahalmena edukitzeko, ez dela gutxi.
Eta zergatik crossfita?
Anaia hasi zen lehenengo. Bera topera zebilen eta beti esaten zidan: «Mikel, crossfita probatu behar duzu!», eta nik ezetz, ongi nengoela gimnasioarekin eta noizean behin korrika ateratzen nire kabuz, ez zitzaidala hori gustatzen.
Eta halako batean probatu nuen, eta kristoren pila gustatu zitzaidan. Egia da baduela zerbait engantxatzen zaituena. Berak bost bat urte zeramatzan egiten, eta hasi ginen pentsatzen zerbait muntatzean, eta hemen, Tolosan, ikusi genuen aukera. Bazen pabiloi bat aurretik ere crossfita izan zena, gustatu zitzaigun, eta hementxe gaude.
Lan guztietan bezala, eboluzionatzen joan gara denborarekin. Beti suertatzen zaizkizu aukera berriak, ikasten duzu, eta horretan gaude oraindik ere.
Kirolean ez balitz, non ikusiko zenuke zure burua lanean?
Galdera zaila da, baina gustuko dut. Ez didazu sinetsiko, baina orain dela bost bat egun zenbait lagunekin egon nintzen garagardo batzuk hartzen eta galdera berdina egin nien nik haiei! [barrez esan du]. Azkar erantzuteko eskatu nien, baina ez zuten lortu, denbora asko behar izan zuten haiek ere.
Azken aldian sistemaz pixka bat aparte bizitzen saiatzen ari naiz, eta horrekin bat datorren lan batean aritzea gustatuko litzaidake. Naturarekin kontaktuan egoteko aukera emango lidakeen lan bat, eskulanekin zerikusia izango zuena, pixka bat lehengo garaietara bueltatuz… Ea nola azaltzen dudan: autosufizientziarantz joko lukeen lan bat. Lan egin baino, bizitzeko.
Badakit oso orokorra dela erantzuna, baina hortik doa nire ideia. Eta horrela bizitzeaz gain, gustatuko litzaidake halako sistema bat jendeari ere irakastea. Lehenengo nik ikasi beharko nuke, noski, baina gero gustatuko litzaidake jendeari erakustea gutxiagorekin bizi gaitezkeela, eta ez dugula uste dugun bezainbeste gauza behar ongi bizitzeko.
Amorru puntu bat ematen dit gizarte hau ikusteak, jendartea nola doan, gazteak geroz eta okerrago daudela ikustea, bai mugikorrekin, sare sozialekin… Burua beste leku batean dugu eta ez gaude hemen eta orain gehienok.
Kirolaz eta naturaz mintzatu zara. Beste pasioetako bat bidaiatzea duzu, ezta? Furgoneten boom-a baino lehenago eskuratu zenuen zuk zurea, 19 urterekin.
Bai, bai, eta hortxe jarraitzen du. Udara honetan egurra eman diogu, gainera. Familiarekin ibili naiz, anai-arrebekin Frantzia aldetik astetxo bat, gero festibal pare batera ere joan naiz lagunekin furgonetan, eta furgonetaz gain egin ditugu bidaia dezente. Horrek ere asko erakusten dizu. Azkena anaiarekin egin nuen, Marokora, eta hor ikusten den pobrezia guztia, benetako errealitatea, nola bizi diren… horrek guztiak asko irakasten dizu.
«Azken aldian sistemaz pixka bat aparte bizitzen saiatzen ari naiz»
Kirolaren munduan lan, naturan bizi eta denbora librea duzunean, bidaiatu. Esango zenuke nahi duzun lekuan zaudela?
Bada, orain bai; nahi dudan lekuan nago. Azkenean, hona iritsi naiz gehiegi bilatu gabe, egia esan, baina bestela es nintzateke hemen egongo. Hori argi daukat, eta gehiago azken aldian.
Maitatzen nauten lekuan nago, zaintzen nauten lekuan, eta nahi dudan jendearekin. Oso pozik nago horrela. Horrela bukatuko ote dudan? Bada, seguru aski ez; lan askotatik pasa naiz, leku askotan egon naiz: autobusetan txofer modura, Madrilen ibili naiz gauza asko egiten, mahatsak biltzen ere lanean Errioxan, denetarik probatu dut… urte askotan igeltsero moduan ere aritu naiz lanean, hori izan da nire ofizioa. Baina beti aldatzen joan naiz, eta hobera, esango nuke.
Orain oso ongi nago, oso eroso, batez ere hau guztia familiarekin partekatzen, anaiarekin, baina seguru naiz aldaketak egongo direla. Nahiko ipurtarina naiz, ez naiz erraz konformatzen, beti ari naiz bilatzen zein izan daitekeen nire benetako bidea, eta uste dut ez diodala utziko zoriontasuna bilatzeari.