Cristina Laborda: "Emakundera iritsi behar den dokumentua udalbatzan onartutakoa izan behar du"
Udalbatza osatzen duten 25 zinegotzietatik 18ren babesa duen V. Berdintasun Plana dela alkateak Emakundera igorritakoa baieztatu du Cristina Laborda PSE-EEko udal gobernuko kideak.
Cristina Labordak udal gobernuaren ordezkari gisa V. Berdintasun Planaren bueltan sortu den tirabiraz mintzatu da, eta alkateak Emakundera bidalitako dokumentua ordezkarien batzarrean onartutakoa dela defendatu du.
Aurreko beste lau planak egiterakoan izandako prozesu berdina segitu dutela argitu nahi izan du Labordak, eta 25 zinegotzietatik 18k babestutakoa dela udal gobernuak Emakunderi igorritakoa. “Ez dugu bidaliko Emakundera politikoki adostasunik ez duen dokumentu bat”.
Horrez gain, V. Berdintasun Planean alderdi politiko guztien ekarpenak jasota daudela baieztatu du Labordak, baita parte hartze prozesuan jasotakoak eta balorazio teknikoak. “Emakundera iritsi behar den dokumentua udalbatzan onartutakoa izan behar du, eta berme hori badu”.
Emakundek ea bi bertsio jaso dituen galdetuta ez du aipamenik egin bi dokumentuen bereizgarria alardea txostenean jasota edo ez izatean datzanik. Miren Etxebeste Berdintasun zinegotziak prozesu parte hartzailean onartutakoa bidali duela eta udal gobernuak udalbatzan onartutakoa izan dela da argitu duena.
Iritzi publikoa manipulatzea egotzi dio Elkarrekin-Podemosi Labordak. “Ez dugu ulertzen Elkarrekin-Podemosen gaiaren gainean duen korapilatzeko eta nahasketa eragiteko jarrera. Zilegi da jarrera eta argudio ezberdinak izatea planari buruz, baina ez dugu onartuko bide demokratikoen aurkako epaiketa eta balorazioetan sartzea, eta udalbatzako gehiengoaren babesa duen dokumentu baten gainetik pasatzea”.