Zaisa Txingudik ezin izan du urteko lehena lortu
Partida lehiatua jokatu arren, esku hutsik itzuli dira liderraren etxetik, baina sendo mantentzen dira sailkapeneko bigarren postuan. Horrez gain, Aurrera Klinika klubeko babesle berria izango da.
Zaisa Txingudik ez du urtea espero bezala hasi. Iruña liderraren etxean partida lehiatua jokatu arren, Iñigo Camareroren mutilek ezin izan zuten neurketa aurrera atera eta puntuak Iruñean geratu ziren (10-3).
Etxeko taldeak iniziatiba eraman zuen partidaren hasieratik, baina Txigudiren hormarekin aurkitu ziren, bidasoarrek argi baitzuten gakoa zela defentsan gogor aritzea. Erasoan, aldiz, jokoa ondo antolatzea lortu ez bazuten ere, ostikoekin eta eskura ondo jokatuz metroak irabazi zituzten. Eguraldiak ez zien mesede egin bi taldeei.
Iruñak hamahirugarren minutuan estreinatu zuen markagailua zigor kolpe bat lortu ondoren (3-0). Hogei minutu geroago, Txingudiko Adur Manterola aldi baterako kaleratu zuten, baina jokalari bat gutxiagorekin aritu baziren ere, bidasoarrak ez ziren kikildu, eta lehen zatiko azken minutuetan, touche-maul bat eginda, marka eremura iritsi ziren. Baloia, ordea, ez zuten lurrean ondo uztea lortu, eta epaileak entsegua baliogabetu zuen. 3-0ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia ere berdintsua izan zen, baina markagailuak lehenean baino mugimendu handiagoa izan zuen. Garaipena lortzea posible zela ikusita zelairatu zen Txingudi, intentsitate handiarekin. Euriak eta lokatzak eragindako zailtasunei jokalarien nekea batu zitzaien, eta bi taldeek zigor kolpe gehiegi egin zituzten. Hemeretzigarren minutuan, gainera, Ekain Hiribarren Txingudiko jokalariak bigarren txartel horia ikusi zuen, eta hamar minutuz partida aulkitik jarraitu behar izan zuen. Iruñak abagune hori aprobetxatu zuen, eta eraldatutako entsegu bat lortu ondoren, markagailuko aldea handitu zuten (10-0).
Aurkako abantaila hori zartada handia izan zen bidasoarrentzat, baina ez zuten etsi, eta markagailuan gerturatzea lortu zuten Adur Manterolak eskuratutako zigor kolpe bati esker (10-3). Azken minutuetan Txingudi etxekoen defentsa zulatzen saiatu zen markagailuko aldea murrizteko, baina Iruñak bidasoarren erasoak geldiarazi zituen. Azkenean, garaipena etxean geratu zen (10-3), eta mugakoak esku hutsik itzuli ziren etxera.
Atzoko emaitzarekin, Iruña sendo mantendu da Euskadiko Ohorezko Bigarren Mailako lidergoan, eta bigarren den Txingudik baino hamar puntu gehiago ditu. Bidasoarrek ere aldea dute sailkapenean, hirugarrenari bederatzi puntu ateratzen baitizkiote.
Aurrera Klinika, babesle berria
Patxi Garcia Zaisa Txingudiko zuzendariak eta Ibon Fidalgo eta Maider Gonzalez Aurrera Klinikako arduradunek bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena aurkeztu zuten iragan astean. Akordio berri horren bidez, fisioterapia klinikak %20ko deskontua egingo die errugbi taldeko kide guztiei. Babesle berriak, gainera, Plaiaundin bere txokoa izango duela aurreratu zuten. Bi erakundeek baikor baloratu zuten hitzarmena.