Matrikulazio berezia abiatu dute kiroldegiek
Gaurtik hasita eta hilaren 15era bitartean, Artaleku eta Azken Portuko bazkide egiten direnek ez dute matrikulazio kontzeptua ordaindu beharko.
Irungo Udaleko Kirol arloak jakinarazi du abian dela Artaleku eta Azken Portu kiroldegiek ireki duten matrikulazio eskaintza berezia. Gaurtik hasita eta hilaren 15era bitartean, bazkide berriek ez dute matrikularen kontzeptua ordainduko. Eskaintza horri esker, matrikulari dagozkion 43,16 euroak aurreztuko dituzte haur abonatu berriek, baldin eta aita edo ama dagoeneko bazkide bada; eta 77,65 euro, aldiz, helduen tarifa hautatzen dutenek.
Abonuen altak udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bidez izapidetu behar dira. Horretarako, beharrezkoa da Irun Txartela (B@KQ) edukitzea. Txartelaren titularrak bere alta egin ahal izango du, bai eta ordezkaritza eman diotena ere. Horrez gain, bi kiroldegietako harreretan ere egin ahalko dira altak, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 12:30era, 16:00etatik 20:00etara.
Udalak azaldu du, abonatu izatearen abantailen artean daudela lehentasunezko izen-ematea eta ikasturte bukaerara bitarteko plazen erreserba ikastaroetan, prezio murriztuak ikastaroetan eta fisioterapia zerbitzuan, lehen kontsultaren doakotasuna nutrizio zerbitzuan edota astean ordubete doan frontoian, trinketean eta squashean.