Bi anbulatorio berri eraikitzea dira EAJ-ren proposamenak
Erdigunekoa itxi eta beste handiago bat eraikitzea Via Irun proiektuaren baitan da jeltzaleen proposamena. Bestetik, Oinaurren beste baten beharra dagoela onartu dute.
Urrian erdiguneko anbulatorioa txiki geratu zela, eta beste handi bat Via Irun gauzatuko den eremuan eraikitzearen alde zeudela jakinarazi zuen EAJ-PNVk. Lapitzekoa ordezkatuko luke, orain dagoena ezin baita handitu gaur jeltzaleek azaldu dutenez: “Egiaztatu dugu eraikinak ez duela uzten handitzen”.
Berretsi egin dute zentroko erietxe berria trenbideen bueltan egon behar litzatekeela. “Kokapena egokia da, bere zentraltasunagatik eta irisgarritasunagatik”. Gainera, irisgarritasuna “onena” izan dadin Kolon pasealekuarekiko paraleloa izango litzatekeen zubi berri bat eraikitzea aurreikusi dute.
Hirigintzako teknikariek Via Irun 2030 proiektuetako batean anbulatorioa txertatzeko ikerketa lanak egin dituztela baieztatu du EAJk. Hala, Plan Orokorraren behin betiko onarpena izapidetzen duten bitartean, hirigintzako beste izapide batzuk egin behar liratekeela anbulatorioa egi bihurtzeko azaldu dute.
Hurrengo urratsa Irungo Udalak anbulatorioa egongo zen partzela esleitzea litzatekeela diote, eta aldez aurretik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari laga behar lieketela, “Osakidetzak anbulatorioa eraiki dezan”. 2026. urterako uste dute erabilgarri egongo litzatekeela erietxea, baldin eta jeltzaleek proposatutako pausoak jarraitzen badira.
Bestetik, Oinaurren anbulatorio berri baten beharra dagoela onartu dute, “Irungo hiri egiturak eta biztanleriaren banaketak hala eskatzen duela ikusi dugu”. Izan ere, anbulatorioa handitzeko beharra identifikatzeko azterketa demografikoak egin dituzte. Beraz, Oinaurrekoarekin Kateako, Belaskoeneako eta Oinaurreko bizilagunak artatuta izango ziren.
Azkenik, ikerketa demografikoari erreparatuz gehitu dute ez dela nahikoa hirugarren anbulatorioa eskatzea soilik, “ez lioke Irunek behar duenari erantzungo”.