'Sorotan Bele gogoan' birak amaiera epea du
Irungo Amaia Udal Antzokian amaituko dute bira Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak. Maiatzaren 6an izango da azken kontzertua.
Maiatzean esango diote agur Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak ‘Sorotan Bele gogoan’ birari. 2020ean taldearen 30. urteurrenean abiatu zen proiektua eta hasieran urtebeteko iraupena izan behar zuenak “pandemiaren indarrez” luzatu egin zela azaldu du Gorka Sarriegi abeslariak.
Urte hauetan guztietan Euskal Herritik biran aritu dira eta jendearen harrera ezin hobea jaso dutela dio Sarriegik: “Erantzuna oso hunkigarria eta polita izan da. Jendea gogoz ikusi dugu eta gu ere hala izan gara oroitzapen guztiak bueltan izan ditugulako”. Horrek, beregan, nolabaiteko eragina izan duela adierazi du: “Erresponsabilidade bat ematen dizu, baina, aldi berean, ilusio bat ere”.
Aurten biraren azken kontzertuak emango dituzte: Lazkao, Tafalla, Azpeitia, Ermua… Denetan azkena Irunen izango da, bertan izan baitzen taldeak 1996an eman zuen azken kontzertua. Maiatzaren 5 eta 6an Amaia Udal Antzokian entzun ahal izango dira azken aldiz Sorotan Beleren folk&roll doinuak.
Kontzertuen datak:
- Otsailak 4, Lazkao
- Otsailak 10, Tafalla
- Martxoak 19, Azpeitia
- Apirilak 21, Ermua
- Apirilak 29, Mungia
- Apirilak 30, Legazpi
- Maiatzak 5, Irun
- Maiatzak 6, Irun