Partida garrantzitsua urtea hasteko
Zaisa Txingudik final batekin hasiko du 2023a, ligako lehen postuan den Iruñaren aurka jokatuko baitute etxetik kanpo. Bidasoarrak bigarren dira sailkapenean.
Zaisa Txingudik final batekin hasiko du 2023a, bidasoarrek Iruñean jokatuko baitute ligako lehen postuan den Iruñaren aurka. Partida igandean izango da, hilak 8, 12:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zelaian. Bidasoarrak sailkapeneko bigarren postuan dira aurkariengandik zazpi puntura; hortaz, garaipena lortu arren, Iruñak beste porrot bat izan beharko luke lidergoa galtzeko.
Nafarrek ligako lehen itzuli aparta osatu dute jokatutako neurketa guztiak irabazita eta zazpi bonus puntu posibleetatik sei eskuratuta. Txingudik ere bolada onari jarraipena eman nahi dio igandean bosgarren garaipena segidan lortuta. Liga hasiera gorabeheratsua izan ondoren, momentu onean dira bidasoarrak eta sailkapenari buelta emateko helburuarekin ekingo diote denboraldiaren bigarren zatiari.
Joaneko partidan, puntuek ihes egin zuten Plaiuanditik eta Iruña 22-24 nagusitu zen Txingudiren aurka. Kontzentrazioa eta diziplina mantentzeko arazoek Txingudik lehen minutuetan lortutako hamalau puntuko aldea galaraztea eragin zuen.
Lider izateak eta norgehiagoka etxean jokatzeak Iruñari “nolabaiteko” abantaila ematen diola azaldu dute Txinguditik. Hori dela eta, bidasoarrek gogor entrenatu dute aste hauetan, igandeko partida bere helburuetarako erabakigarria izan dadin.
Neurketa zuzenean jarraitu ahal izango da Iruña taldearen YouTubeko kanalean eta Txingudi Rugby Tabernan, Irungo Kale Nagusiko 11. zenbakian.