Oiasso Museoak errekuperatze bidean jarraitzen du
2022ko datuak %52an hazi dira 2021ekoekin alderatuz gero. Orotara, ia 29.000 bisitari jaso ditu aurten erromatar museoak.
Pandemiaren garai latzena pasata, errekuperatze bidean jarraitzen du Oiasso Erromatar Museoak. 2022an 28.825 bisitari eta erabiltzaile jaso ditu museoak, eta datu horiek %52an hazi dira 2021eko zifrekin alderatuz gero. Horrez gain, iaz baino 10.000 bisitari gehiago pasa dira aurten museotik.
Oiassotik azaldu dutenez, Dies Oiassonis jaialdiak, Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak eta aldi baterako erakusketek eragin zuzena izan dute eta “funtsezkoak” izan dira 2022ko emaitza onak ulertzeko. Uztailaren 14tik 17ra Dies Oiassonis jaialdi erromatarraren XXII. ekitaldia ospatu zen. Antolatzaileek festibalaren arrakasta azpimarratu dute, jaialdiak iraun zuen egunetan “milaka pertsona” gerturatu baitziren azoka erromatarraz eta iragan erromatarra gogorarazteko antolatutako ikuskizunez gozatzera.
Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoari dagokionez, XXII. ekitaldia egin da 2022an. Zinema historiko eta arkeologiari buruzko sariketa hori “inoizko ediziorik onenetako bat” izan dela aitortu dute antolatzaileek, orotara, 1.669 ikusle izan baitituzte, 2021ean baino %46 gehiago.
Aldi baterako erakusketek ere “harrera ona” izan dutela baietsi dute, bisitari kopurua %75ean hazi baita. Erakusketa iraunkorren bisitarien zifrak ere nabarmen hazi dira, %30ean hain zuzen.
Bisitarien jatorriari erreparatuz, EAEtik kanpokoen kopurua %6,85ean handitu da, eta Frantziatik etorri direnena, berriz, %5ean.
Ama Xantalen
Ama Xantalen ermitako nekropoli erromatarreko datuek ere hazkuntza izan dute. Barnealdea zaharberritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanengatik, ermita itxita egon da urri bukaeratik. Hala ere, 1.943 bisitari gehiago erakarri ditu gune horrek, iaz baino 1.200 pertsona gehiago.
Oiasso, itxita hilaren 30etik otsailaren 2ra
Eraikinaren barruko instalazio batzuk mantentzeko eta berritze lanak egiteko, Oiasso Erromatar Museoa itxita egongo da hilaren 30etik otsailaren 2ra. Horrez gain, museoko kideek hurrengo erakusketa handia prestatzen bukatuko dute, ‘Bidasoko atlas emozionala’ izenekoa.