Elkarrekin Podemos-IUk agintaldiaren errepasoa egin du
2023ko aurrekontuak onartuta, agintaldi bukaerara begira lanean jarri direla onartu dute, "herritarrengan eragin positiboa izango zuten ekintzak gauzatzeko".
2019-2023 agintaldia bukatzear dela, horren inguruko balantzea egin du Irungo Elkarrekin Podemos-IUk, eta argi utzi dute, 2023rako aurrekontuak onartuta, agintaldi bukaerara begira jarri direla lanean.
Alderdi moreko kideek onartu dute agintaldia ez dela “bereziki erraza” izan, baina alderditik “zerbait aldatu” behar zela ohartu ziren. Hori dela eta, “jarrera eraikitzaile eta negoziatzailea” izateko konpromisoa hartu zuten, “herritarrengan eragin positiboa izango zuten ekintzak gauzatzeko”. Jarrera horren ondorioz, 2020ko aurrekontu akordioa lortu zutela baietsi zuten, eta momentu hartan ez bazekiten ere, “bide berri bat urratzen” hasi zirela ohartu ziren.
Orduan, COVID-19a iritsi zen, mundua geldituz. Elkarrekin Podemos-IUko kideek azaldu dute gaixotasunaren ondorioak bereziki gogorrak izan zirela pertsona ahulenengan eta jarduera ekonomiko oro gelditzean oso egoera zailean geratu ziren haiengan. Hortaz, alderdi moreak argi ikusi zuen bere egitekoa: “Adostu beharreko ahaleginak babes eta ezkutu sozialeko neurriekin bat etorri behar ziren”.
Ildo horretan, beste “urrats” bat ematea erabaki zutela onartu dute: “Udal honek aspaldian izan ez zuen egonkortasuna emateko asmoz, gobernuan sartu ginen”. Uste zutenean pandemia zela aurre egin behar zitzaion gauzarik gogorrena, Ukrainako gerra iritsi zen, eta “herritarrek ondorioak” jasan behar izan zituzten.
Hori dela eta, alderdi morearen erantzuna bera izan da bi egoeretarako: “Herritarrak atzean ez uzteko modurik onena neurri aurrerakoiak ezartzea da, eta gobernuan gauden bitartean, ez diogu utziko horren alde lan egiteari”.
2023ko aurrekontuak
“Neurri aurrerakoi” horien artean “Irungo historiako aurrekontu hedakorrenak” onartu direla aipatu dute Elkarrekin Podemos-IUko kideek. Horien barruan “multzo soziala sendotzea eta oraindik egiteke dauden gobernu akordioaren proiektuak ixtea” daudela azaldu dute.
Horrez gain, jakinarazi dute bi direla koalizio gobernuak partekatzen dituen konpromisoak: Udalaren zerbitzuak indartzea eta hiriak behar dituen aldaketa handien diseinuan aurrera egiten jarraitzea.
Gobernuan daudenetik hiru aurrekontu onartu direla zehaztu dute, eta hauek dira gauzatu diren proiektuetako batzuk:
- Herritarrei zuzendutako energia aholkularitza bulegoa.
- Memoria demokratikoaren bulegoa.
- Pertsona zaurgarrientzako laguntzak handitzea.
- Irun Aurrera kanpainak.
- Aurrerapen oso esanguratsuak gazteria arloan.
- Gizarte Ongizate arloa indartzea, egungo gizartearen errealitateari aurre egiteko.
Berdintasunaren gaiaren inguruan egindako “lan bikainari” aipamen berezia egin nahi izan diote alderdi moreko kideek. Horren harira, estatu mailan Irunek indarkeria matxistaren arloan egindako lana aitortu da, eta Irungo Udaleko Berdintasun sailak saria jaso zuen abenduan Madrilen Berdintasun Ministerioan.
Hurrengo proiektuak
Elkarrekin Podemos-IUtik erakutsitako “erantzukizunari” esker, hainbat proiektu “errealitate direla edo aurki izango direla” harro esan dute:
- Emakumeen Etxea.
- Bigarren Gaztelekua, Artian.
- Bi haurtxoko berri, San Migel Pinudian eta erdialdean.
- Gizarteratze zentroaren zerbitzuak indartzea eta tutoretzapeko etxebizitza abian jartzea.
- CBAren bigarren fasea, San Juan plaza kulturaz blaitzeko.
- Ondarea berreskuratzea: Oiassoko Termak.
- L2 linearen elektrifikatzearen aldeko apustua, hirian elektrikoa izango den bigarrena.
- Hainbat hamarkadatan enkistatu eta aurrera egin ez zuten hirigintzako proiektuen aldeko apustu garbia, hala nola, San Migel, Via Irun (pasabidea abrne) eta immigrazioaren eraikina, Korrokoitz edota Lastaola Postetxea.