Bordele eta Irun arteko trenbideak modernizatzea eskatu dute
Ez AHT planak, ez LGV/GPSO planak ez dituzte aurreikusi Irun eta Hendaia arteko lotura egitea. Baiona, Bordele eta Irungo alkateek trenbide alternatiba bat proposatu dute.
Abenduaren 17an elkartu ziren Baionako alkate, Rene Etxegarai; Bordeleko alkate, Pierre Hurmic; eta Irungo alkate, Jose Antonio Santano Irungo udaletxean, hiri horien arteko lotura naturala oroitzeko eta trenaren bidez loturak sendotzea eskatzeko.
AHT-a Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugara 2027an iristea aurreikusi dute, baina ez dute aurreikusi Hendaiarekin lotura izango duenik. Hori dela eta, kezka adierazi dute hiru alkateek eta deitoratu egin dute aurreikuspen hau. “Gainera, Irunen dagoeneko abian dago Adifen nazioarteko geltoki berria”.
Hegoaldean ez ezik, Iparraldean ere badute trenbide sarea handitzeko LGV/GPSO deituriko plana, baina ez dela sinesgarria salatu dute, “Espainiarekin lotura ez baitago aurreikusia, ezin delako finantzatu”.
Bestalde, Frantziako gobernuko Azpiegituren Orientazio Kontseiluaren 2022ko abenduaren 12ko txosten ofizialean Akize-Irun konexioa egitea dago jasota eta hori 2042rako egina egotea nahi dute, oso goiz jota.
Alta, urgentzia dela Irun edota Hendaia, Bordelerekin konektatuta egotea, eta irtenbide pragmatikoena orain dagoen linea modernizatzea dela diote: “Merkeagoa, jasangarriagoa eta lotzen azkarragoa, eta lurraldeak eta ekosistemak gehiago errespetatzen ditu”.
Hori berresteko enpresa independente batek azterlana egitea beharrezkoa dela uste dute. Izan ere, orain arte azterlan bat egin dute arestian aipatutako irtenbidea bermatu daitekeela dela jakiteko, baina, bideragarria den jakiteko beste ikerketa bat egitea nahi dute: “Aztertuko dituena alternatiba horren egutegiak, garraio intermodalaren aukerak, bideragarritasun teknikoa, aurreikusitako bidaia denborak, balioa eta ingurumen-inpaktuak”.
Azkenik, hiru alkateek bat egin dute alkateen ardura dela lurraldea elkarrekin eraikitzea eta dei egin diete indar politiko, ekonomiko, sozial eta zibiko guztiei proposatu duten trenbide alternatiba babestera.