Bigarren Gaztelekua ireki dute Irunen
Artia auzoko Julio Caro Baroja plazako 3. zenbakian ireki zuten joan den astean hiriko bigarren Gaztelekua. Gazteei beraien lekua eskaintzea du xede.
Pasa den astean bigarren Gaztelekua ireki zuten Artia auzoko Julio Caro Baroja 3 plazan, hala jakinarazi zuen Santi Jimenez Gazteria zinegotziak. Hartara, Irunen bi Gazteleku daude dagoeneko: Martindozenea eta Artiakoa.
200 metro karratuko gunea asteartetik ostegunera bitarte izango da zabalik, 17:00etatik 20:00etara, eta ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara. Topaleku bat eta sorkuntzarako eta sukaldaritza tailerrak egiteko espazioak ditu. Gainera, azken hilabetetan lokala egokitzeko lanak egin dituzte, beharretara egokitzeko.
Gazteleku hau irekitzea gobernu akordioaren helburuetako bat zela oroitu zuen Jimenezek eta nabarmendu zuen gazteak etorkizuna direlako, beharrezkoa dela hirian beraien lekua dutela sentitzea. Zerbitzu berri honekin Haur eta Nerabeen I. Planean hartutako konpromisoa betetzen ari direla azaldu zuen zinegotziak ere.
Orain arteko Gazteleku bakarraren funtzio berdina betetzea du asmo Artikoak, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei aisialdi aktiborako gune bat eskaintzea, eta haien egitasmoa egin ahal izateko zerbitzuak eskaintzea, baita zerbitzuak antolatutako programazioan parte hartzeko aukera izatea. “Parte hartzeko kultura aktibo eta arduratsu bat sortu eta zabaltzea, gazteak komunitateko subjektu aktiboak izan daitezen”.
Espazio berria denez, zalantzak izan daitezke eta horretarako 681 946 798 zenbakira whatsapp mezu bat bidali daiteke edota 943 500 961 zenbakira deitu. Instagramen kontua ere ireki dute @gazteleku_artia izenarekin, eta udalaren webguneko gazteartean atalean ere topa daiteke xehetasun gehiago.