[Elkarrizketa] «Prozesuan ondo pasatu nahi nuen, niretzat zerbait berezia zelako»
Azaroaren 24an argitaratu zen ‘Belar hostoak I&II’ diskoa. Txomin Artolak 1978an egin zuen ‘Belar hostoak’ lanaren berrinterpretazio lana da. Gaur aurkeztuko dute, Itsas Etxean, 20:00etan.
Loraldia Festibalaren proposamena jaso ondoren, nola izan zen diskoaren hasierako prozesua, taldea sortzea, proiektua definitzea?
Loraldia Festibalera beste gauza bat proposatzen idatzi nuen. Ez nekien jaialdi berezi bat zela zentzu horretan, beraiek egiten dituzte proposamenak. Hasieran, egia da ez nuela halakorik espero. Niretzako bereziki oso disko berezia da, txikia nintzela konposatu zuen aitak Belar hostoak, eta asko entzun nuen disko hori. Gainera, arrebak eta biok parte hartu genuen kantu batean. Oso txikiak ginen, 5 eta 6 urte izango genituen, eta erdi-jolasa izan zen guretzako. Bertigo dezente eman zidan hasieran proiektu honetan sartzea. Orduan pentsatzen jarri nintzen, zer egin emaitza ahalik eta duinena izateko.
Hasieratik argi nuen lagunekin elkartu nahi nuela, niretzako berezia zen momentutik ez nuen lan bat bezala hartu nahi, eta, batez ere, prozesuan ondo pasatu nahi nuen. Horregatik jo nuen Dani Venegasengana. Lagun ona da, musikari oso fina, eta elkarlanean aritu gara beste hainbat proiektutan, Euskararen txantxangorria-n adibidez.
Momentu batetik aurrera ere argi ikusi nuen abeslaria Jon Gurrutxaga izan behar zela. Azken urteetan elkarrekin gabiltza, duoan. Oso lagun onak gara eta asko gustatzen zait nola kantatzen duen. Hirurok kantuak moldatzen hasi ginen eta konturatu ginen bateria bat oso ondo etorriko litzaigukeela. Andoni Etxebeste, Maider Zabalegirekin ezagutu nuen, eta Iker Laurobaren taldean dago orain. Oso harreman estua dugu, eta asko gustatzen zait nola jotzen duen. Bosgarren taldekidea Antxon Sarasua da. Danik [Venegas] ezagutzen zuen, eta bere ikuspuntua ondo etorriko litzaigukeela uste zuen, multi-intrumentalista da gainera.
Hori guztia zuzenekoari begira izan zen. Loraldia Festibalekoa emanaldi bakarra izan zen, eta lan hau guztia hartuta emanaldi bakar horretan gelditzeak pena ematen zidan. Orduan diskoa grabatzea pentsatu nuen: Belar hostoak I&II.
Nola izan da kantuen moldaketa prozesua?
Diskoan zortzi kantu daude eta nik bi kanturen ideiak nahiko aurreratuak nituen. Daniri aipatu nizkion eta berehala esan zuen: «Honek hau eskatzen du eta honi hau doakio». Gainontzekoetan Daniren esku hartzea ezinbestekoa edo handia izan da. Erraztasuna dauka, berehala, alde batera edo bestera jotzeko. Gainera, ez zituen kantu originalak ezagutzen, eta ez ditu originalak ezagutu nahi izaten, ondoren egingo duen konponketa ez baldintzatzeko. Batzuetan gitarra hutsarekin erakutsi dizkiot harmoniak, melodien ideia bat izateko. ‘Ez naiz espazioa’ kantuan adibidez, Amelie pelikulatik ateratako ideiak, edo hobeto esanda, sonoridadea dago, akordeoi bat agertzen baita. Beste batean, ‘Aintzira eta lekua’ kantuak Ennio Morriconeren oesteko film batera eramaten gaitu. Diskoan zehar ere badaude entzun ditugun musikei eginiko keinu txikiak, eta, adibidez, kantu horretan badago keinu bat Pink Floyd taldeari. Kantu guztiak dira ezberdinak.
Reinterpretazioak badu originalaren kutsua, ezta?
Bai, kantuak berehala ezagutzen dituzu, doinuek berdintsuak izaten jarraitzen dute, baina era berean, bakoitzak modu ezberdin batean arnasten du. Ezin da esan pop edo rock estiloko disko bat denik. Kanta batzuk akustikoagoak edo blues ukitua dutenak dira, besteak pixka bat kañeroagoak edo intimistagoak… Azken kantuan, adibidez, gauza jazzeroago batera jo genuen. Kantu honetan, gainera, aitari letra errezitatzea eskatu nion.
Lana amaitu zenutenean eta aitari erakutsi zenionean, zer erreakzio izan zuen?
Hasieratik bazekien zertan ari nintzen. Loraldiako emanaldira ez zen etorri, baina maketaren bat egin genuenean, diskoa egin baino lehenago, kantu bakarren bat edo pare bat erakutsi nizkion, ez denak. Gero, diskoa grabatu genuenean, eta probak esku artean genituenean, fabrikaziora bidali baino lehenago osoa erakutsi nion. Asko gustatu zitzaiola esan zidan orduan, baina asko, asko. Tarteka mezuak bidaltzen zizkidan: «Gaur ja hiru aldiz entzun dut diskoa goitik behera»; beste behin lehenengo fan-a zela esan zidan.
Eta pertsonalki, lanak asebete zaitu?
Urte honetan gauza asko izan ditut. Lan eta proiektu berri dezente izan ditut. Zenbait momentutan gauza gehiegi pilatzen ari zitzaizkidan, eta disko hau lasai egin nahi nuen. Diskoa egin berritan taldekideei esan nien: “Egingo nuke dena berriro, zerotik. Hiru hilabetez nonbait isolatuko nintzake eta dena lasaiago egingo nuke”. Baina gauza horiek alde batera utzita, behin diskoa grabatuta, fabrikara bidalita eta nire aitaren erreakzioa ikusita… konturatu naiz 1978 urteko diskoa gaur egunera ekartzea, modu honetan… Esan nahi dut, berriro grabatzea oraingo belaunaldiei aurkezteko modua da. Ziur aski ez du izango diskoak garai hartan izan zuen oihartzuna. Kostiente naiz garai hartan jende askori iritsi zitzaiola urtetan esan izan baitidate: “zure aitak eginiko disko hori ze ederra zen”. Egia da Loraldiarena aitzakia izan zela baina niretzat nahikoa da pertsona batengana iristea. Kontent nago aita oso kontent dagoelako etapertsonalki, aitzaki honekin, Danirekin eta Jonekin berriro elkartzea eta, nolabait, talde berri bat sortzea lortu dudalako Andonirekin eta Antxonekin. Entseguetan harreman politak sortzen dira eta gozatzen ari gara. Horrek asko betetzen nau.
Gaur Hondarribian izango zarete. Zer espero duzu etxeko emanaldiaz?
Ondo joatea espero dut. Ondo jotzea eta lan txukun bat egitea. Bestalde, hurbilduko den jende horrengana iristea nahiko nuke. Momentu on bat helarazten saiatuko gara, eta hori lortzen badugu kontent geratuko gara.
Emanaldi ezberdina izango da. Gainera, kantuak interpretatzeaz gain, Amaia Lasa olerkariak Walt Whitmanen filosofiari eta poesiari aipuak egingo dizkio.
Loraldia Festibalaren proposamena izan zen hori, eta egingo ditugun emanaldietan ere horrela egingo dugu, konturatu ginelako oso interesgarria zela Whitman nolakoa zen ulertzeko. Amaia Lasa olerkaria da, getariarra, eta Whitman ezagutzen du. Kantuen artean, tarteka, haren bizitzaren inguruko aipamenak egingo ditu, entzuleak historian kokatzeko.