Elkarretaratzeak deitu ditu Osasun Bidasoak, osasun sistema hobe baten alde
Itxaron zerrenda guztietan hazkundea eta profesionalen gabezia nabaria da Bidasoko osasun etxeetan. Hondarribian eta Irunen elkarretaratzeak egingo dituzte datozen egunetan.
Kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzea xede duen Osasun Bidasoa plataformak agerraldia egin zuen atzo, Bidasoko erietxeen egungo egoeraren berri emateko. Oroitarazi behar da talde horren indarrari esker ia bi urtez ebakuntza gelak ixtea lortu zela, baina salbuespen horrez gain osasun sistema publikoko lehen arretak eta itxaron zerrendek ez dute hobera egin.
Hala, egoera hobetu nahian sarritan elkartu dira Bidasoko ESIko zuzendaria izan den Agustin Agirrerekin, orain Donostiako Ospitaleko ESIko zuzendaria izendatu dutenarekin. Baina Agirrek uko egin zion Osasun Bidasoak prestatuko galderak erantzuteari eta salatu dute taldearen ordezkaritza ez zuela onartu. Beraz, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari helarazi dizkiote eta erantzunaren esperoan daude.
Jarrera horren aurrean eta osasun sistemak bizi duen narriadura handitzearen aurrean, Osasun Sailak ez duela Bidasoan arazoa konpontzeko asmorik deitoratu du plataformak. “Osakidetzako Bidasoaren gerentziak eta Osasun Sailak ez dute inolako asmorik gure eskualdean, nahiz eta osasun arretaren gero eta narriadura handiagoa izan, konpontzeko neurriak hartzeko, eta ez dute inolako asmorik eskualdeko profesionalen eta eragindako udalen proposamenei erantzuteko konponbiderik bilatzeko”.
Lehen mailako arreta
Egun Bidasoko osasun baliabideak guztira 85.000 pazientek erabiltzen dituzte; 38.300 Irun Erdialdeko anbulatorioan, 30.000 Dunboakoan eta 17.000 Hondarribikoan. Bortzirietako 8.500 biztanleak ospitalera jo ohi dute erradiologia, traumatologia eta odontologiarako. Beste behin salatu dute Irun Erdialdeko erietxea dela EAEn paziente gehien artatzen dituen zentroa, eta hortaz, hirugarren anbulatorioa Oinaurren eraikitzea galdegin zuten.
Bestalde, Irungo bi anbulatorioetan “arazo larriak” dituztela azaldu dute, kontsultak egiteko leku faltagatik. “Horrek eragotzi egiten du arreta hobea eskaini ahal izateko behar diren profesionalen pertsonala handitzea. Irun Erdialdeko anbulatorioan bi barrakoi prestatu dira, kanpoan lau mediku kintsulta eta erizaintzako kontsulta dituztenak, profesional berriak kokatu ahal izateko”.
Itxaron zerrendak
Espezialista batekin izateko itxaron zerrenda handitzen doa, eta abenduaren 5era arteki egoeraren gainean aritu ziren atzoko agerraldian. Data horretan ezin zela kontsulta baterako hitzordua eskuratu zehaztu zuten, zehazki urologia, oftalmologia eta anestesiarenean. Horrez gain, itxaron zerrenden hainbat zenbaki eman zituzten: 221 egun traumatologiarako, 93 egun ekografia egiteko, 91 egun kolonoskopia baterako, 79 egun gastroskopia baterako, 60 egun TAK baterako, 71 egun dermatologiarako, eta 67 egun kardiologiarako.
Ebakuntza egiteko zerrendan 2019an 600 pertsona izatetik, 2022an 1.090 izatera pasa da (%81eko hazkundea); traumatologian 277 itxaroten egotetik, 408 dira orain medikuaren esperoan direnak (%47ko hazkundea). Oftalmologian 104tik 411era (%295 hazi da).
Batez besteko atzerapena 2019an 40 egunekoa izatetik, egun, 86koa izatera pasa da (%115eko igoera), sei hilabete baino gehiagoko itxaron zerrenda duten 133 pazienterekin (58 traumatologiarako eta 74 oftalmologiarako).
Itxarote aro horiek ondorio larriak eragin ditzaketela herritarren osasunean diote plataformako kideek, eta lehen arreta gainkargatuta dagoela salatu dute beste behin.
Bidasoa Ospitalea
Gaur-gaurkoz ebakuntza gela erantsirik egitea ez dela aurreikusten adierazi du Osasun Bidasoak, “gure ustez aukerarik onena izango litzateke”. Barrakoietan ebakuntza gelak kokatzea obrak egin bitartean ez dela aukerarik onena errepikatu dute, eta ospitaleko profesional eta plataformarekin, egindako mediku eta erizainekin plana kontsultatzea eskatu dute, “haiek baitira kirurgiaren eta ospitaleen funtzionamendua ondoen ezagutzen dutenak”.
Elkarretaratzeak
Irunen hirugarren anbulatorioa exijitzeko eta profesional kopurua handitzea eskatzeko hiru elkarretaratze egingo dituzte datozen egunetan.
- Irun Erdialdeko Anbulatorioa: abenduaren 22an, osteguna, 14:00etan.
- Dunboako Osasun Zentroa: abenduaren 29an, osteguna, 14:00etan.
- Hondarribiko Osasun Zentroa: urtarrilaren 12an, osteguna, 14:00etan.