Arartekoarenga jo du Txingudi Elkarte Feministak
Alkateari egotzi diote Irungo emakumeek genero indarkeriari buruz duten pertzepzioa landu duen txosten osoa ez argitaratzeko ahaleginak egin izana.
Txingudiko Elkarte Feministak kexa bat helarazi zion atzo, abenduak 14, Arartekoari, Irungo alkate Jose Antonio Santanok Irungo emakumeek genero indarkeriei buruz duten pertzepzioa ezagutzeko egindako azterlan baten emaitza guztiak udal webgunean argitaratzea eragozteagatik.
Ikerketa hori Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren esparruan eta funtsekin gauzatu zela adierazi du elkarteak. Txingudi Elkarte Feministak hiru aldiz egin du txosten hori osoki udal webgunean argitaratzeko eskaera, hain zuzen, 2022ko urtarrilaren 27a, otsailaren 23an eta irailaren 27an.
Santanoren betebeharra litzatekeela azterketa hori publiko egitea diote elkartekoek, gai sentikorra delakoan: “Jose Antonio Santanok gaur egun arte galarazi egin du azterlan horren txosten osoa udal webgunean argitaratzea, eta, horrela, ukatu egin du txosten hori herritarren artean zabaltzea, eta bere betebeharra izango litzateke, bai gai oso sentikorra delako, bai inkesta diru publikoarekin egin delako”
Txostena osorik ez argitaratzeko erabakian “interes jakin batzuk” nagusitu direla diote, “Irungo emakumeen segurtasunerako eskubide legitimoaren gainetik”. Eskubide horren baitan ere inkestaren emaitzak zehatz-mehatz ezagutzea dagoela diote, baita Irungo alardearen bueltan jasandako indarkeriei buruzkoak ere.
Xehetasunetara jota, ikerketatik ateratako emaitzetako bat “kezkagarria” dela diote, emakume irundarren %75ak onartzen baitu espazio publikoetan “orokortutako beldurra” pairatu duela.