Bidasoak 29na berdindu zuen Mazedonian Eurofarm Pelisterren aurka, eta egoera alde du hurrengo fasera sailkatzeko.
Mazedonian puntu baliotsua eskuratuta bukatu du 2022. urtea Bidasoa Irunek. EHF European Leagueko Multzoen Faseko seigarren jardunaldia jokatu zen atzo, eta irundarrek 29na berdindu zuten Eurofarm Pelister taldearen aurka. Atzoko berdinketarekin, Bidasoak egoera alde du hurrengo fasera sailkatzeko, izan ere, lau partidaren faltan, lau puntuko errenta du. Bidasoa sailkapeneko hirugarren postuan da zazpi punturekin, eta bosgarren den Motorrek hiru dauzka. Ligaxkako lehen lau sailkatuek jokatuko dute hurrengo fasea.
Joan den asteko partidan ez bezala, 32-20 irabazi baitzuen Bidasoak, atzoko neurketan berdintasuna izan zen nagusi hasieratik. Bi taldeen arteko gol trukeak izan ziren nagusi lehen zatiko 15. minutura arte. Momentu hartan, irundarrak bi jokalari gutxiagorekin geratu ziren, eta etxekoak aurretik jarri ziren markagailuan (17-12). Bidasoa, baina, ez zegoen errenditzeko asmoz, eta lehen zatiaren bukaeran izandako erreakzioak 17-16an utzi zuen norgehiagoka atsedenaldirako.
Bigarren zatian Bidasoa sendo kantxaratu zen, eta bere jokoari eta bertuteei etekin handiagoa atera zien, Eurofarm Pelisterren ahuleziak aprobetxatuz. 40. minutuan Bidasoa lehen aldiz jarri zen aurretik markagailuan bi goleko aldearekin. Neurketa bukatzeko sei minutu falta zirenean, 27na islatzen zuen markagailuak, baina irundarrek 0-2ko partziala lortu zuten berriro ere aurretik jartzeko. Bukaeran, baina, Bidasoako beste jokalari bat bi minutuz zigortua egon arren, puntu baliotsua eskuratu zuten Jacobo Cuetararen mutilek (29-29).
Sailkapenean sendo
Atzoko berdinketarekin, Bidasoa Irunek D multzoko hirugarren postua sendotu du ligaxka bukatzeko lau partida falta direnean. Momentu honetan, Fuchse Berlin da nagusi hamabi punturekin. Bigarren Skanderborg Aarhus dago zortzirekin, eta hirugarren da Bidasoa zazpirekin. Laugarren postuan atzoko aurkari izan zuen Eurofarm Pelister da bost punturekin. Sailkapena ixten Motor eta Aguas Sanas taldeak daude, hiru eta puntu batekin, hurrenez hurren. Azken bi talde horiek izango lirateke Europatik at geratuko liratekeenak.
Bidasoak atzo agurtu zuen urtea, eta orain, Eguberrietako etenaldia eta urtarrileko Munduko Txapelketa medio, hilabete eta erdiko atsedena izango du. Irundarren hurrengo partida ofiziala 2023ko otsailean izango da. Bidasoak Benidorm jasoko du Artalekun, Asobal Ligako hamaseigarren jardunaldian.