Naroa Otamendi eta Aiur Sujarri aitortza egin die kontserbatorioak
Biek ala biek lehen saria eskuratu dute beraien kategorietako lehiaketa esanguratsuetan. Bestalde, urte amaierako kontzertuen berri emateko ere probestu du musika eskolak.
Irungo Udal Kontserbatorioak orain arte irabazitako sarien aitortza egin die Naroa Otamendi akordeoi joleari eta Aiur Sujar tronpeta joleari. Kontserbatorioko presidentea den Santi Jimenezek saridunak eta lantalde osoa zoriondu ditu.
Otamendik Arrasateko Akordeoi Sariketako junior kategoriako lehenengo saria irabazi zuen, Euskadi, Aragoi, Murtzia eta Salamancako hautagaiekin lehian aritu ondoren.
Sujarrek ere urrezko saria irabazi zuen Valentzian, Valeriano Machi Esparza interprete gazteentzako D kategorian. Lehiaketa hori 3. eta 4. maila profesionaleko ikasleentzako da.
Kontzertuak
Irungo Udal Kontserbatorioak urte bukaerarako antolatu dituzten emanaldien berri eman du. Izan ere, lehen hiruhilekoa abenduaren 20an bukatuko da eta urte amaierari agurra emateko moduko proposamenak dira prestatukoak.
Abenduak 15
- Musika Eskolako abesbatza eta akordeoi orkestra. Amaia KZn, 19:30ean, dohainik.
Abenduak 17
- Pop-rock tailerreko ikasleen emanaldia, Musika Eskolaren auditoriumean, 12:00etan eta 17:30ean.
Abenduak 19
- Hari eta perkusio ikasleen entzunaldia eta ganbera taldeen emanaldia. Caser Anakan.
Abenduak 20
- Eskolako hari orkestraren entzunaldia, auditoriumean.
Abenduak 21
- San Tomas eguneko Urdanibia plazako azokan trikiti eta txistu taldeen emanaldia.