Higer Beerrek zilarrezko domina eskuratu du Burgosen
Hondarribiko Higer Beerrek Estatuko Artisau Garagardo Txapelketan parte hartu du asteburuan. American IPA kategorian izan da saritua.
Iragan larunbatean Burgosen egin zen Estatuko VIII. Garagardo Artisau Txapelketa. 400 garagardotik gora aurkeztu zituzten lehiaketan parte hartu zuten 60 garagardo ekoizleek. Horien artean izan zen Higer Beer Hondarribiko Artisau Garagardoa.
Hondarribiarrek Etxara garagardoa aurkeztu zuten lehiaketara, American IPA kategorian. Chinook eta Mosaic lupuluak erabiliz, 60 IBUrekin egiten den edaria da eta txapelketan bigarren postua eskuratu zuen.
Maiatzean sortu zen Higer Beer eta zazpi hilabeteren bueltan lortutakoarekin “benetan pozik” agertu dira ekoizleak eta eskerrak eman dizkiete garagardoarengan konfiantza jarri duten taberna, jatetxe, elkarte gastronomiko eta denda orori: “beraiek gabe ezingo genukeelako nahi genion difusioa eman” gehitu dute.