Epaile batek 30.000 euro ordaintzera zigortu du ISS Facility Service
Epaileak atzo eman zuen epaia. Ondorioz, gaurko aurreikusita zegoen bilera bertan behera utzi du enpresak.
Azaroaren 30ean gauzatu zen udal eraikinetako garbitzaileen eta ISS Facility Service enpresaren arteko epaiketa, ELA Sindikatuak urrian ezarri zuen demandaren harira. Enpresak, zuzenean eta langileekin adostu gabe, erabakiak hartu eta zerbitzu minimoak 9 hilabeteko txandetan beteko zituztela inposatzea, eta, gainera, lehenengo hilabete horietan lan egingo zuten hiru langileak hautatu izana salatu zuten. ELA Sindikatuak azaldu duenez hiru pertsona horiek “greba protestetan bereziki nabarmendu diren pertsonak dira, tartean, orduan hautagai eta orain ordezkari den langilea”.
Epaileak atzo eman zuen epaia. Eusko Jaurlaritzak igorritako zerbitzu minimoen dekretua ez betetzea egotzita, enpresak 30.000 euro ordaindu beharko ditu guztira, hiru langileei zein sindikatuari 7.500 euro bana.
Epaia ikusita, gaurko aurreikusita zegoen bilera bertan behera utzi du enpresak eta horrek “egoera aldatzen duela” ziurtatu die gainera. Sindikatuak adierazi duenez bilera garrantzitsua izan zitekeen gaurkoa: “Sinadura ekar zezakeen bilera zen”. Astelehen honetan langileek asanblada izan zuten eta negoziaketarako zenbait eskari apaltzearen aukera aztertu zuten “horrek akordioa erraztuko bazuen”. Une honetan, ordea, ez dago argi negoziaketaren hurrengo bilera noiz izango den.