Erdiguneko kale batzuen noranzkoa bihar goizetik berria izango da
Beraketa karrikako noranzkoa aldatuko dute gaur gauean, Berrotaran karrikako lanekin hasi ahal izateko. Erdiguneko obrak bigarren fasean sartu dira.
Uztailean hasi ziren erdiguneko Foru karrikako, Legia karrikako eta Berrotaran karrika espaloi bilakatzeko lanak. Irungo erdialdea emisio gutxiko ingurua izateko bidean hartutako erabakia da obra hauena, Cristina Laborda Obretako zinegotziak azaldu zuenez.
Bada, bost hilabete pasa dira aurkezpen horretatik eta dagoeneko Legia karrika oinezkoentzakoa da. Orain, bigarren etapa batean sartuko da prozesua: Berrotaran karrika. Aldaketa nabarmenena eragingo dituen obrak izango dira, bertako eta inguruko zirkulazioa aldatu egingo dituztelako.
Orain arte Berrotaran karrika Artaleku edota Luis Mariano ingurura joateko erabiltzen zen, baina dagoeneko autoek ezin dutenez bertatik pasa, aldaketak iragarri dituzte trafikoan. Colon ibilbidearen hasieran dagoen Francisco de Gainza karrikatik sartu beharko dute, eta gero, Beraketa karrikatik pasa, Iparralde hiribidera iristeko. Bertatik, Aldapeta karrikarantz igo beharko dute eta Joaquin Gamon kalean buelta eman.
Noranzko aldaketa horiek egin ahal izateko Beraketa karrikako norabidea aldatuko dute eta semaforo bat jarri haren eta Iparralde hiribidearen arteko bidegurutzean. Era horretan, autoak Francisco de Gainza karrikatik sartuko dira eta Iparralde hiribidetik aterako, egungo norabidearen beste aldera.
Aldaketa horiek gaur gauean, alegia, asteazkenetik ostegunerako gauean egingo dituzte. Moldaketa horiek eginda Berrotaran kaleko lanekin hasi ahalko dute eta Eguberrietarako Berrotaran eta Foruen karriken arteko bidegurutzeraino iritsi nahi dute.
Beraz, bidegurutze horretara ailegatu arte ibilgailuentzat irekita izango da Berrotaran kalea kontrako noranzkoan, “aldaketa bat-batean ez egin behar izateko eta gidariak bide berrira egokitzen joateko”.
Otegi Gaztañaga SL enpresari esleitu dizkiote lanak 1.489.378,56 euroan eta hamabi hilabete dituzte horiek amaitzeko. Next Generation funtsak erabili dituzte obra horiek gauzatu ahal izateko.