2023ko lau urtaroen udal egutegia, prest
Gaur goizean aurkeztu dute datorren urteko egutegia, eta Herritarrentzako Arreta Bulegoan eskuratu ahal izango da hilaren 19tik aurrera.
Gaur goizean, Irungo alkate Jose Antonio Santanok, 2023. urteko udal egutegia eta egutegi hori osatzeko hautatu dituzten argazkiak aurkeztu ditu. Herritarren parte hartzearen bidez ondu duten egutegia hamahiru argazkik osatu dute, baina, orotara, 109 aurkeztu ziren lehiaketara. Egutegia Herritarrentzako Arreta Bulegoan eskuratu ahal izango da hilaren 19tik aurrera, agortzen diren arte.
Aurtengo egutegia osatzeko proposatutako gaia ‘Lau urtaroak Irunen’ izan da, eta urte osoan hiriko hilabeteen joana erakusten duten paisaien argazkiak ikusi ahal izango dira.
Santanok herritarrek egiten dituzten ekarpenei balioa eman die: “Urtero herritarren irudiek harritu egiten gaituzte, ikuspuntu desberdinak ematen baitituzte. Aurten ere badugu hiria beste modu batean ezagutzeko aukera, eta urtaroen joanarekin nola aldatzen den ikustekoa: neguko irudiak, udako eguzkia eta udaberriko eta udazkeneko koloreak”.
Irungo Argazki Elkarteak urteak daramatza egutegia osatzen laguntzen, irudiak jartzen eta argazki horien lehen aukeraketa egiten. Aurten herritar hauen argazkiak hautatu dira:
- Laura Garcia Alonso.
- Carlos Bailon Almandoz.
- Gerardo Roa Gracia.
- Vicent Esteve Rodenas.
- Mikel Dieguez.
- Ane Arozena Bengoetxea.
- Maria Jose Linazasoro Rois.
- Mariela Sanchez Martiarena.
- Gerardo Garcia Gonzalez.
- Angel Hereza Madrid.
- Miguel Angel Ribera Sagardia.
- Jesus Hernandez Sanchez.