Eguberrietarako programazio berezia prestatu dute
Merkatari eta artisauen azokaz gain, kultur eskaintza oparoa prestatu dute. Ostiral honetan emango diote hasiera programazioari.
Hamabi egun geratzen dira Eguberri Egunerako eta aurki hasiko den programazioarekin “gabon bereziak eskaintzea” izango da Hondarribiko Udalaren asmoa.
Ostiral honetan Gabonetako merkatua zabaltzearekin batera hasiko dira hil honetako prestatu dituzten ekintza, jarduera eta tailerrak. Bereziki bi arlotan ezarri dute indarra: Batetik, merkataritzaren indartze eta sustapenean, “badakigulako garai hauek kontsumorako aproposak direla” aitortu du Maria Serrano zinegotziak, eta bestetik, kultur eskaintza interesgarria proposatzean. Izan ere, “herritarrek oporrak izaten dituzte, denbora libre gehiago eta hori aprobetxatu nahi dugu”.
Merkatarien azokan egingo diren jardueren berri izateko joan albistera. Bertan egingo diren ekintzetako jardueren izen emate epea gaur bertan zabalduko da eta udalaren webgunean egin beharko da.
Bestalde, abenduaren 26an emango diote hasiera Gazte TEK teknologia tailerren lehenengo txandari. Izen emateak abenduaren 4an itxi ziren eta plaza guztiak bete dira, eta horiek zozketa bidez esleitu behar izan dituzte. Izan ere eskaera handia izan zuten ikastaroek.
Kultur programazioa Merkataritza eta Turismo sailak prestaturiko eskaintzaren osagarria izango da. Juan Luis Silanes zinegotziak azaldu duenez urtea amaitzeko egunero “publiko guztiarentzat” zerbait eskaintzen saiatu dira. Azkenik, jai zoriontsuak igarotzea eta urtea ondo bukatu dezatela opatu die herritarrei.
Kultur ekintzak:
Hilak 17, larunbata:
- Gospel Zikloaren barruan -lau saio izango dira- The velvet candles Eguberrietako kontzertua. Parrokian, 19:00etan.
Hilak 18, igandea:
- Eskifaia Abesbatzaren eta Hondarribiko Musika Bandaren Gabonetako kontzertua, 18:00etan, Portuko elizan.
- Rafael Alvarez ‘El Brujo’ -ren eskutik Los dioses y dios antzerkia, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan.
Hilak 20, asteartea:
- Opari tailerra, Zuloaga Etxean 17:00etan.
- Sormenezko idazketa: Gabonetako ipuinak, Itziar Sistiagaren eskutik, Zuloaga Etxean 18:30ean.
- Gospel Zikloa: The Lord, Amuteko elizan (Kaputxinoen komentuan), 19:00etan.
Hilak 21, asteazkena:
- San Tomas Eguna: Azokak betiko formatua berreskuratuko du, Santiago kalean egongo da egun osoan zehar. Animaliak ere bertan izango dira. Santa Maria Madalena plazan herri kirolak egingo dira eguerdian eta Eguberrietako merkatarien merkatuaren ondoan txosna bat ezarriko dute, goizetik gaueko 00:00ak arte. Txosna Mondragon Unibertsitateko ikasleei esleitu zaie, eskakizuna egin zuten bakarrak izan ziren.
Hilak 22, osteguna:
- Sukaldaritza tailerra: taloak egiten ikasteko tailerra, Zuloaga Etxean 17:00etan.
- Gabonetako videomapping-a, HKT (Hondarribiko Kirol Taldea) eraikinean bost saio eskainiko dituzte 19:00etan hasita.
- Gospel Zikloa: Evening prayer, Betharramen, 19:30ean.
Hilak 23, ostirala:
- Dantza saioa: Pilar Peña, San Pedro kalean 12:00etan.
- Olentzero eta Mari Domingiren bisita. Herrian barrena Olentzerorentzako kartak jasoko dituzte. Axeri Elkartean, Gipuzkoa plazan eta San Pedro kalean izango dira besteak beste. 18:00etan hasiko dute ibilaldia.
Hilak 24, larunbata:
- Haur Olentzero jaialdia, Santiago kalean 11:30ean.
- Gabon kanta eta Olentzero jaialdia (Helduentzat). Ohiko formatua berreskuratuko du jaialdiak, Gipuzkoa plazan, 17:30ean.
Hilak 25, igandea:
- Hondarribiko Txistu Taldearen aborada, Alde Zaharrean eta Puntalea auzoan, 08:00etan.
Hilak 26, astelehena:
- Jokai jokoak: Egurrezko jokoak haurrentzat, goiz eta arratsalde, Santiago kalean.
Hilak 27, asteartea:
- Famili antzerkia, Tarzan, Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan.
Hilak 28, asteazkena:
- Ipuin kontalaria: Maite Franko, Zuloaga Etxean 11:30ean.
- Magia emanaldia, Gabon magikoak, Marsel magoa, Asier Kidam, Egu magoa eta Xabi magoaren eskutik. Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan.
Hilak 29, osteguna:
- Gospel Zikloa: The Spolem Girls. Christmas Show, Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan.
Hilak 30, ostirala:
- Jaiotza biziduna, Gernikako Arbolan, 19:30ean.
Hilak 31, larunbata:
- Sport Mundi: San Silvestre lasterketa solidarioa, herrian barrena, 16:00etan.
Urtarrilak 4, asteazkena:
- Erregeentzako kartak jasoko ditu karteroak. 17:00etan Mendelu auzotik abiatuko da, 17:30ean Amuten izango da, 18:00etan Alde Zaharrean (Udaletxean), eta 19:00etan Santa Maria Madalena plazara helduko da.
Urtarrilak 5, osteguna:
- Erregeen kabalkada. Ohiko formatua berreskuratuko du, itsasontziz 19:15-19:30 inguru helduko dira Kai Zaharrera. Bertan, zaldietan igo eta ohiko ibilbidea egingo dute San Pedro kalean barrena.
Urtarrilak 6, ostirala:
- Goazen telesailaren antzerki emanaldia. Bi saio egingo dira, 12:30ean lehena, 16:00etan bigarrena. Sarrerak abenduaren 26, 27 eta 28an egongo dira salgai Arma Plazan (soilik). Pertsona bakoitzak gehienez 4 sarera erosi ahal izango ditu.
Urtarrilak 8, igandea:
- Ados Teatroaren eskutik Muchos amigos negros antzezlana.
- Muxikoen jaialdia, goizean.