Donostiako Aireportuko langileek grebara jo dezakete Eguberrietan
Langileek zenbateko batzuk kobratzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Enpresaren erantzunaren zain daude.
Donostiako Aireportuan hegazkina. Azaroan datu onak jaso ditu Donostiako Aireportuak. 2019 urtearekin alderatuz %16,8ko hazkundea izan duela jakinarazi du Aenak. Orotara 431 mugimendu -aireratze zein lurreratze- erregistratu dira hil honetan Hondarribian, eta, orain arte, 351.360 bidaiari igaro dira bertatik, 2019 arekin alderatuz, %17,3 gehiago.
Datuak onak badira ere, datozen egunetan Aenako langileek grebara jo dezakete. CCOO, USO eta UGT sindikatuek azaldu dutenez, langileek 2018tik daramate zenbateko batzuk kobratu gabe, eta horiek jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dute. Enpresaren erantzunik jaso ezean sindikatuek aurreratu dute estatu osorako egingo dutela eta Donostiako Aireportuko langileak deialdiarekin bat eginez, grebara joko lukete abenduaren 16an, 17an, 22an eta 23an, eta 2023ko urtarrilaren 6an eta 8an, 08:00etatik 00:00etara. Abenduaren 31n ere grebara joko lukete, baina kasu honetan egun osokoa izango litzateke.

